Atena hontzarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Atena hontzarekin

Anonimoa, I.-II. mendeak, K.o.

Brontzea

7,87 x 4,29 x 2,73 cm

82/895

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Zutik dago irudia. Atena irudikatzen du. Oinetaraino iristen zaion tunika batez dago jantzita eta gainean mantua du; ezkerreko sorbaldatik behera erortzen zaio gerriaren eskuinaldean biltzeko, toles bertikalak sorrarazten ditu ezkerraldean, eta toles horiek arku forma hartzen dute eskuinaldera zabaldu ahala. Bularraldea agerian du, bertan behar luke gorgoneionaz hornituriko babesak, baina egileak ez zuen horrelakorik irudikatu, edo agian desagertu egin da ale honen gainazala oso higatuta dagoelako. Antza ezkerreko zango zuzenaren gainean hartzen du atseden irudiak, eskuineko belauna apur bat tolestuta duela antzematen zaio, baina zangoen mugimendu horrek ez du inolako aldaketarik eragiten gorputz osoaren bertikaltasun orokorrean. Ezkerreko besoa kanporantz eramana du, besaurrea goratuta eta eskua itxita, segur asko lantzari eusteko, baina ukabilaren barruko zuloa ez dago bertikalean, eta horregatik uste dugu besaurrea ez duela jatorrizko egokieran. Eskuineko besoa gorputzari itsatsita du, besaurrea era beran goratuta kaliz loredun baten gainean pausatutako hontzari eusteko; hontza nabarmen dago makurtuta bere burua jainkosaren sorbalda gainean jartzeko. Irudiaren jatorrizko jarreraren aldaketa horiek guztiak eskultura hau luzaroan su biziaren ondoan egon delako gertatu dira itxura guztien arabera, tolestu egin dira irudiaren atal ahulenak, eta geruza latz eta irregular bihurtu da alearen gainazala. Handia da jainkosaren burua, gorputzaren irudia are neurrigabeagoa itxuratzeko modukoa. Gailur garaia eta zabala duen kasko batez babestuta du burua, biseraren gainean uhin hautsiak, moko formako hosto zerrenda baten estilizazioa behar dutenak. Kasko gailurra zabala da, ebakiekin dekoratuta dago, ebaki horiek gandorraren kurbatura marrazten dute, eta gandorraren muturra garondotik beherago iristen da.

British Museum museoan Castellani bildumatik iritsitako irudi bat dago, mantu eta tunika bertsuak daramatza jantzita, eskuineko eskua sorbaldarantz du itzulia, baina galdua du gainean behar lukeen hontza. New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoan bada oso gorputz proportzio berdintsuak dauzkan beste irudi bat, jantzi berdinak dauzka, eta jantziaren xehetasunak hobe irudikatuta ditu. Ezkerreko besoa aurrerantz bideratuta du lantzari eusteko, eta eskuinekoa ez dago horren tolestua, nahiz eta eskuan pausatuta behar lukeen hontza galdua duen. Era berean trauskil landua dagoen eta erromatarren garaikoa behar duen arren, K.a. V. mendeko obra greko bat hautematen da irudian; obra horrek zabalkunde handia izan zuen eta aldaera asko izan zituen brontzeko irudi txikietan.

Vatikanoko Gregoriar Etruriar Museoan ikonografia mota bereko irudi bat dago, jatorrizko irudi grekoaren bertsiorik hurbilena, baina jada gustu helenistikoen arabera landua, irudia atseginagoa delako eta xehetasunak bigarren mailan uzten dituelako. Irudi hori doriar peploz jantzita ageri zaigu, xehetasun osoz du irudikatuta babesgarria, baina eskuineko eskuan pausatuta duen hontza erakusteko moduan kontzentratzen du espresioa, ikuslearengana gerturatzen baita eta jainkosak berak ikuslearengan jarrita izango baitzuen bere begirada; ezkerreko eskuak ez dio lantzari eusten, lasai jarrita du aldakan. Frantziako Liburutegi Nazionalean ere badago antzeko jarreran dagoen beste ale bat, hontza aurrerantz begira du. Avignongo Calvet Museoko beste irudi batek antzeko proportzioak ditu, baina hontza falta zaio, Lous-le-Sannierretik iritsitakoari ez bezala. Louvre Museoko mota honetako irudiaren formak askoz ere meheagoak dira, oso ongi landuta dago, eskuineko esku irekian pausatuta du hontza, eta itxura batean jainkosaren begiradarekin ari da gurutzatzen hontzarena.

Ugari dira beste museo eta bildumetan dauden antzeko aleak, baina askok besoak hautsita dituztenez ezin izan da horietan hontza egiaztatu. Horixe bera gertatzen zaie Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean dauden mota bereko hamar aleri eta Espainiako beste bilduma batzuetan dauden piezei, eta beraz, oso litekeena da gure alea ezaugarri horiek dauzkan bakarra izatea Iberiar Penintsulan kontserbatu direnen artean.

Atenaren irudi honen jatorrizko eredua Atena Promakos hontzarekin da, hontza baita jainkosaren eta Atenas hiriaren beraren ikurra (Atenasko hiriak bere txanponen ikur gisa erabiltzen zuen hontzaren irudia). Ezkerreko eskuak eusten duen lantza alde batera utzirik, ez dago Fidiasen estatu handiak aldean zeramatzan elementuei dagokienez halako ziurtasunik, baina baliteke hontza osagarrietako bat izatea. Izan ere, irudiaren egoneko jarrerak herri bat ordezkatzeko funtzioari eta funtzio sinbolikoari erantzuten die, eta ez ekintza jakin bati edo jainkosaren bizitzaren pasarte bati. Hemen bere hiriko zaindari gisa ageri zaigu eta, hedaduraz, jainkosa hau adimenaren, ordenaren eta giza kontuen aurreko gobernu egokiaren ordezkari gisa gurtzen duten leku guztietako zaindari gisa. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 114-118, n° 6.