Asiar baten erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Asiar baten erretratua

Esquivel de Sotomayor, Manuel

Madril, 17/07/1777 - Madril, 18/02/1842

Buril paperean

63,2 x 48 cm (papera) 42,8 x 28 cm (orbana)

c. 1818-1820

88/34

Ángel Gobeo jaunaren dohaintza 1988an

Grabatzaile lanetan beste artista batzuek egindako obrak kobrean kopiatzeagatik nabarmendu zen Esquivel oso gaztetandik. Ildo horretatik, esan dezagun 1793ko abuztuaren 20an San Fernando Akademiaren Sari Lehiaketa Nagusia irabazi zuela Goyaren Ventura Rodríguezen erretratua koadroa ezin hobe kopiatzeagatik, eta 1796an laminen grabatuen Lehiaketa Nagusia irabazi zuela Rembrandten San Paulo Apostoluaren irudi bat bikain marraztu eta birsortu zuelako. Esquivelek bere ibilbidean beste artista askoren lanak kopiatu zituen, esate betarako, Antonio Carnicerok Errege Zaldi Eskola serieari begira (Madril, 1800) landu zituen Putinka eta Mugimendu aldaketa marrazkiak, Anton Rafael Mengsen Refugium Peccatorum (Madril, 1802), Raphael Morghenen Gian Giacomo Trivulzioren erretratua (Paris, 1814) eta Rafaelen Madonna detta dellImpanate (Florentzia, 1825); azken hori egiteko beka bat jaso zuen Esquivelek Albako dukearen eskutik. Bestalde, Frantziako hiriburuan kolaborazio lanak egin zituen Karen Dujardinen autoerreratua kopiatzeko Le Musée Français museoaren errepertorioaren baitan (1803-09); bilduma horrek bederatzi liburukitan jaso zituen Frantziako Bilduma Nazionaleko artelan nagusiak.

Hala eta guztiz ere, besteek eskatuta bideratutako grabatzaile lan horren baitan garrantzi berezia du Errege Jauregietako Margolanak Grabatzeko Konpainiari egin zizkion ekarpenak. Konpainia hori 1789. urtetik aurrera arduratuko zen Madrilgo errege bildumetako margolanak kopiatzeko lanaz. Lan horretatik Esquivelek 1796. urtean egindako bi irudi kontserbatzen dira, biak Velázquezen Esopo eta Menipo obretatik abiaturik. Baina aipatu Konpainiak arazo latzak bizi izan zituen, itxi egin zuten enpresa 1800. urtean, eta ez zuten 1818. urtera arte zabalduko berriro ere, Errege Inprentako Kalkografia horren ardura hartu zuenean, alegia.

Enpresa horri dagokionez, Konpainiak Londresen Mariano Boviri eskatu zion kobrera kopiatu zezala, lehendik Agustín Estevek beste oihal batera kopiatutako Tizianoren Asiar bat margolana, baina azkenean Esquiveli iritsi zitzaion enkargua, eta 1795. urtea iritsi baino lehen 5.500 beloi ordaindu zizkioten. Behin plantxaz arduratu zenean, Kalkografiak salgai jarri zituen 1818an letrarik gabeko ale bat eta Museokoa, zeinetan irudiaren oinetan katalogazio labur bat eta irudia lor zitekeen lekua adierazten diren. Esan beharra dago jatorrizko erretratuaren egilea ez zela Tiziano izan, baizik eta Tintoretto.

Esquivelek zintzoki kopiatu zuen oihala, gaur egun Urrezko katea duen jauna izenburuarekin ezagutzen dena, eta Tintorettoren oinarrizko premisetako bat errespetatu zuen, ikuslearen eta erretratatuaren arteko zuzeneko elkarrizketa. Irudi honetan, erretratatuaren psikologia harrapatzean datza interesgunea, argiaren bidez nabarmentzen da haren presentzia, arreta galaraz dezaketen ñabardura guztiez gabetua da, erretratatuaren maila erakusten duen urrezko katea alde batera uzten badugu. (Javier Novo González)

Bibliografia hautatuta

  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 34-37, n° cat. 201.
  • Goya : estampas de invención : Caprichos, Desastres, Tauromaquia y Disparates [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. p. 63.
  • Pinturas traducidas : el grabado de reproducción en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 31, 62, 98, n° cat. 13.