Artisau baten denda, Fuji mendiaren inguruetan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Artisau baten denda, Fuji mendiaren inguruetan

Hokusai, Katsushika

Tokyo, 1760/09-?, 1849

Xilografia

22,1 x 31,4 cm

Hokusai Sō,ri ga (北,斎,宗,理,画,)

1798

XVIII. Mende amaiera

82/757

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Paisaiagile aparta izan zen Hokusai, Fuji mendia irudikatzen espezializatu zen, mendi horixe izan baitzuen inspirazio iturri nagusietako bat. Surimono eder honetan Japoniako mendi sakratuaren ezin nahasizko silueta ageri da bidaiari batek Urte Berri egunean artisau baten dendara egindako bisitaldia deskribatzen duen irudiaren hondoan. Urte hasieran zori onaren seinale da pinuen eta aranondoen presentzia. Bidaiariak geldialdi bat egin du bere bidean, eta bere kiseru pipan tabakoa erretzeko eta katilukada bat tea edateko plazeraz gozatzeko prest dago. Bere ekipajean loretan dagoen gereziondo adar bat du, heldu den udaberria iragartzen duen sasoiko ikurra. Dendan artisau maisua ikus dezakegu: eskuko tornua birarazten duen laguntzaileari esker uztaiaren forma erregularra ematen ari zaie bolizko zati txiki batzuei, inroetarako netsukeak edo beste pieza txiki batzuk lantzeko segur asko. Artisauak eta bere hiru laguntzaileek zapi batez dituzte estalita ileak, tornuan sortzen den hautsarekin ez zikintzeko. Horregatik, hain zuzen ere, engawara edo etxea kanpoko aldearekin elkartzen duen terraza txikira lekualdatu da eszena nagusia. Era berean bionbo bat ikus dezakegu diseinu artistiko batzuekin apainduta, bat haizemaile baten formarekin, beste bat banbuaren adarrekin, beste bat aranondoaren adarrekin, margolan bat ikebana deritzon konposizio loredunarekin eta, goi ezkerrean, surimono bat olerkiekin eta egunsenti bat pinuak nagusi diren paisaian, Urte Berriaren sinboloa irudikatuz. Estanpa hau Sandara kasumi (Sandarako lainoa) izenburuko albumera biltzen zen, Kasumi olerkari elkarteak 1798an Hokusairi enkarguz eskatutako bildumara. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 223, 225, 300-301, n° cat. 87.