Arteta nire laguna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Arteta nire laguna

Vázquez Díaz, Daniel

Nerva (Huelva), 1882/01/15-Madril, 1969/03/17

Grafitoa paperean

31,9 x 24,4 cm

Vazquez Diaz (eskuineko beheko angelua)

c. 1920

82/329

1950ean eskuratua

Daniel Vázquez Díazen arte ekoizpena beti egon da marrazkiarekin hertsiki loturik, eta maisutasun handia erakutsi du bere karrera osoan zehar egin dituen marrazki konta ezinetan. Garrantzi hori ez da, ordea, soilik kopuru handia kontserbatu izanagatik, baizik eta Vázquez Díazek hasiera-hasieratik marrari eman zion protagonismoagatik bere margolanaren funtsezko elementu gisa.

Vázquez Díazek disegno kontzeptu italiarraren ikuspegitik ulertu zuen beti marrazkia: irudia antolatzeko tresna bat proportzioaren alorrean eta ideia bat helarazteko modu gisa. Horren harira, marraztutako erretratuei esker, egileak mailarik goreneraino aztertu zuen marraren balio semantikoa, egiazko biografia moduan hartu baitzituen. Erretratatutakoaren nortasuna transmititzeko gai diren erretratuak, eta aldi berean, testigantza joera handiarekin egindako irudiak.

Vázquez Díazen lanean bere produkzio osoaren egiazko bizkarrezur nerbioa izan zen erretratua. Genero horri eskaini zion bere obraren herena gutxi gorabehera, eta haren barnean "Nire garaiko gizonen" buruak deiturikoek hartu zuten zati handiena: kulturako, artearen alorreko eta politikako pertsonaia ospetsuen galeria ikonografiko oso bat, artistak bere marrazkiaren maisutasunaren bidez betikotu zuena.

Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman dauden bi buruak Darío de Regoyosen eta Aurelio Artetaren erretratuak dira, belaunaldi desberdineko bi margolari, euskal pinturan lehena eta geroa markatu zutenak. Denok dakigu Vázquez Díazek lotura handia zuela Euskal Herriarekin, eta horrexegatik, euskal margolaria ere deitu zioten behin baino gehiagotan, Darío de Regoyos asturiarrarekin gertatu zen bezala. Regoyos 1904ko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean ezagutu zuen Vázquez Díazek, eta handik bi urtera, berriro harekin topo egin zuen Euskal Herrian, Vázquez Díaz Parisera joan baino pixka bat lehenago. Izan ere, ez da harritzekoa Daniel bezalako margolari gazte batek, Europako arte modernoa ezagutzeko grina handiarekin, Regoyosekiko erakarpen berezia izatea, hura egiazko iraultzailea baitzen, bere artearen bidez ez ezik, urte haietako Espainiako egoera artistiko zaharkituan bultzatutako ekimenengatik ere.

Haren erretratuari dagokionean, hauxe gogorarazi zuen Vázquez Díazek "Donostian marraztua da El Pueblo Vascoren aretoan gure erakusketa egin genuenean". Aldiz, gogoeta hori ez da oso zuzena, Vázquez Díazek aipatzen duen El Pueblo Vasco egunkariko aretoetan egindako erakusketa hori ez baitzen batera egin, bakarka baizik. Daniel Vázquezek 1910eko uztailaren 15ean inauguratu zuen bere erakusketa (Espainian bakarka egiten zuen lehena), eta handik hilabete batera, abuztuaren 25ean, inauguratu zuen Darío de Regoyosek berea.

Bestalde, Regoyosekin izan zuena baino askoz ere handiagoa izan zen Vázquez Díazek Aurelio Artetarekin izan zuen harremana. Vázquez Díazek uda partean Euskal Herrian igaro zituen lehen denboraldietan ezagutuko zuten elkar, eta handik urteetara, jada Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari zela, Vázquez Díazen obraren jarraitzaile handienetako bat izan zen Arteta Euskal Herrian. Baina estiloari dagokionean 1920. urte inguruan elkartu ziren, oso modu berezian, Vázquez Díazen eta Artetaren obrak. Haren presentzia Bilbon, bere lagun Gabriel García Maroto margolariarekin batera, Jaime Brihuega irakaslearen hitzetan, konstruktibismo geometrizante baten egiazko "triangelu sortzailea" izan zen, eta eragin handia izan zuen klasizismo moderno berri baten eraketan; izan ere, abangoardiako erregistro formal batzuk bere eginez, kubismokoak zehatz esateko, zuzenean uztartu zen gerren arteko garaiko "ordenara itzultze" europar harekin. Llano Goroztiza arte historialariarentzat, Daniel Vázquez Díazen bidez, forma kubikoa euskal paisajismoaren bereizgarri gisa sartu zen Artetaren tesia errematatzera. Artistetako zeinek izan zuen bestearengan eragina esaten hasi gabe, egia dena da, hogeigarren urteen bigarren erdialdean, Aurelio Artetak Burtzeñako zubia margotu zuenean (hura ere Museoko bilduman. Inb. zk. 82/162), eztabaidaezin egin zela lotura hura.

Ikus dezakegun bezala, erretratu baten eta bestearen artean askoz ere gehiago nabarmendu da formen sintesia. Hamar urteko tartea dago bien artean, eta bat dator Espainiara itzuli ondoren Vázquez Díazek ordena piktoriko berri bat sortu eta landu zuen garaiarekin. Madrilen 1918. urtean egin zuen bere lehen erakusketan, kritika kontserbadoreenak guztiz baztertu zuen bere pintura, baina hala ere, maisutasun handiz marrazten zuela esaten zuten: "Inork ez luke esango, koadrotxo horiek ikustean, maisutasunezko marrazki horiek egin dituen esku berak eginak direla"; "Ezinezkoa dirudi pertsona beraren lanak izatea margolan haiek, haien aurrean zaila baita barreari eustea, eta harrituta eta txundituta uzten zaituzten buru haiek". Bestalde, José Francések eta Perdreau kritikariak marrazkien eskultura izaera nabarmendu zuten, eta ondo asmatu ere, Parisen Bourdelle eskultore frantsesarekin izan zuen harremanak eragindakoa batik bat, eta gainera, agerian utzi zuen haren geroagoko pintura konposizioen kualitate nagusietako bat: formaren eraikuntza. Eta, hain zuzen ere, marraren protagonismo horretan, edo hobeto esateko, marrak emandako forma angeludunean, antzeman daiteke margolariak behin eta berriro kubismoarekin izan duen harremana, zehatzagoak izateko eta Rosemblum-en definizioari jarraiki, "Parisko kubismoaren sateliteekin", kubismoaren premisak tradizio klasikoarekin elkartzen saiatu baitziren. Baina margolari honek abangoardiatik etorritako estilo ezaugarri batzuk bere egin bazituen ere, hori garbi ikusten baita Artetaren erretratuan eta, oro har, hogeigarren urteetako guztietan, kontuan izanik, gainera, urte haietan mugimendu espainiar ultraistarekin bat egin zuela margolariak, hala izanda ere erretratu tradizionala, kontzepzio klasikokoa, egin zuen Danielek. Horrenbestez, bereizi egin beharko litzateke erretratu modernoa izan zitekeena, ikuspegi modernoaren berezitasunetara egokitutako erretratua izan zitekeenetik. Beharbada hain zuzen horixe izango zen, Moreno Galvánen hitzetan, Vázquez Díaz abangoardiatik eta, zehatzago esateko, kubismotik urrundu zuena: "Esan daiteke, kubismoaren aurrean, bizitzaren berezitasuna eta objektuak orokortasun geometrikoaren legera murriztu nahi izan baitzituen hark, Vázquez Díazek ahaleginak egin zituela bakarkakoa eta gauza generikoen legeak murriztu ezin duena Historiarako gordetzeko. Vázquez Díazen obra aztertzean, horrexegatik du hainbesteko garrantzia kubismoaren presentzia negatiboak. Kubismoa da, aldi berean, harekin belaunaldi bateko estiloa partekatzen zuena eta alderdikeriaz izan nahi ez zuena, pinturaren humanista izan ahal izateko". (Ana Berruguete)

Bibliografia hautatuta

  • Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1973. p. 336.
  • Homenaje a Aurelio Arteta en el centenario de su nacimiento [Cat. exp.]. Bilbao, Banco de Bilbao, 1979. p. 88.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 174. (Con el título Retrato de Aurelio Arteta).
  • A. Arteta, 1879-1940 [Folleto]. Bayonne, Musée Bonnat, 1984. sin n° cat.
  • Mur Pastor, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahoros Vizcaína, 1985. pp. 116-117.
  • "La Asociación de Artistas Vascos", Guía de Exposiciones, n° 62. 1986. s. p., n° cat. 6.
  • Bilbao Aristegui, Antonio. "Vázquez Díaz en nuestro museo", Urtekaria 1990 : asterlanak, albistak = Anuario 1990 : estudios, crónicas. 1991. pp. 97, 100.
  • La imagen del artista : retratos de artistas vascos entre dos siglos [Cat. exp.]. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa, 1993. p. 113. (Con el título Aurelio Arteta)
  • Kortadi Olano, Edorta. Euskal margolariak Aurrezki Kutxen bildumetan IV = Pintores vascos en las colecciones de las Cajas de Ahorros IV. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa ; Gipuzkoa Donostia Kutxa ; Caja Vital Kutxa, 1994. p. 13.
  • Cat. Vázquez Díaz y el Bidasoa. Donostia-San Sebastián, Fundación Social y Cultural Kutxa = Kutxa Fundazio Sozial eta Kulturala, 1997. p. 106.
  • Tradition and modernity in basque painting, 1880-1939 = Tradición y modernidad en la pintura vasca, 1880-1939 [Cat. exp.]. Southampton ; Bilbao, Southampton City Art Gallery ; Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1997. p. 12, sin n° cat.
  • Daniel Vázquez Díaz : mis contemporáneos [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 2000. pp. 113, 257, n° cat. 113.
  • Bilbao : una encrucijada entre dos siglos [Cat. exp.]. Bilbao, Laga, 2001. p. 247.
  • Daniel Vázquez Díaz, 1882-1969 [Cat. exp.]. Madrid ; Bilbao, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía ; Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2004. p. 260.
  • Marrazkiaren artea, marrazkia artean = El arte del dibujo, el dibujo en el arte [Cat. exp.]. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 2005. pp. 216.
  • González de Durana, Javier. Aurelio Arteta. Madrid, Fundación Mapfre, 2008. il.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 176-178, n° cat. 69.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 99, 101, n° cat. 49.
  • Berruguete, Ana. Daniel Vázquez Díaz, entre tradición y vanguardia [Tesis doctoral]. Madrid, Universidad Complutense, 2015. pp. 212, 223, il.