Artemis ehiztaria - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Artemis ehiztaria

Anonimoa. K.o. I. mendea

Brontzea

11,97 x 3,74 x 2,53 cm

82/852

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Zutik dago irudia, tunika motzarekin jantzita eta peploa gerriaren inguruan bilduta. Ezkerreko hanka zuzenean hartzen du atseden, eta apur bat atzeratua du eskuinekoa, orpoa altxaturik, urratsa egiteko prest. Botak ditu oinetan, bikain adierazita daude aztaletan gurutzatzen diren larruzko lokarriak, eta hankak biluzik geratzen zaizkio izterren erdialderaino. Peploa gerriko mehe batez lotuta du, gerrikoak ez du apaingarririk ez eta belarririk ere; peploaren azpitik behera luzatzen da angeluaren formako lepoa duen txitoia. Gainera, aurrerantz eta atzerantz erortzen zaion klamide bat du tolestuta ezkerreko sorbaldaren gainean. Eskuineko sorbaldaren gibelaldean darama geziak eramateko zorroa, harantz eramana du goratua duen eskuineko eskua; ezkerreko besoa erorita du gorputzaren aldamenean, eskua itxita, arkuari helduko zion. Aurpegia apur bat ezkerretara biratuta du, eta begirada goratuta. Hazpegiak proportzio egokian ditu irudikatuta, ilea atzerantz motots batean bildua eta burugainean xingola batez lotutako bi tontor handitan bildua.

Artemis ehiztari jantzia motetan du jatorria jarrera ikonografikoak eta "Beyrouth-Venecia" deitu taldeak gure piezaren ezaugarriak dauzka; salbuespena jantzien luzera da, horietan beheraino iristen baitira hankak zeharo estaliz eta, beraz, oinetakoak ere ezkutatuz. Norfolkeko Holkham Hallen kontserbatzen den marmolezko eskultura da gure iruditik gertuen dagoena nola ezkerreko hankaren gainera eramaten duen pisuari hala buruaren gainaldeko bi ile tontorrei dagokienez. Prototipo hori K.a. IV. mendekotzat hartua da, eta segur asko Eufranorren obra izango da; izan ere, gerora hamaika bertsiotan kopiatuko zituen ezaugarriak finkatu zituen. Jada III. mendetik aurrera ohikoa da txitoia motzagoa izatea eta izterren beheko atala agerian geratzea, peploa gerriaren bueltan apoptygmarekin oso markatuta utzirik.

Brontze txikien errepiken artean dago Napoliko Museo Arkeologiko Nazionalean dagoen beste pieza bat (5.194. Inb. zk.), baina azken horretan tolesen modelatua kalitate handiagokoa da, eta proportzioak harmoniatsuagoak dira, gure alean estilizatuegiak diren bitartean. Era beran, antz handia du Frantziako Liburutegi Nazionalean dagoen brontzezko beste ale batekin, modu berean baitu ilea bilduta buruaren gainaldean. Avignongo Calvet Museoko piezak ere konposizio ikonografiko berari erantzuten dio, baina askoz ere bertsio sinplifikatuagoa da, tolesak lauak dira, peploko apoptygma murriztua du, orrazkera buruaren gainaldeko bi tontorrak eratu gabe antolatuta.

Nolanahi ere den, urriak dira Artemis irudikatzen duten brontze txikiak, ez dago horrelakorik Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean, ez eta Iberiar penintsulako beste bilduma argitaratuetan ere. Hortaz, baliteke gure pieza hau izatea Espainian kontserbatu den mota horretako pieza bakarra. Gainera, kalitate artistiko handiko obra dela esan behar dugu, eta beraz bildumako pieza estimatuenetakoa. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 127-130, n° 9.