Ares biluzia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ares biluzia

Anonimoa, I. mendea, K.o.

Brontzea

6,59 x 2,55 x 1,21 cm

82/898

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gizon baten irudia, zutik. Erabat desplazatuta du gorputza. Atzera eramana duen eskuineko zangoaren gainean hartzen du atseden; zango horrek konponketa trakets batzuk dauzka, erabat galdua du jatorrizko itxura. Ezkerreko hanka ongi kontserbatu du, ongi irudikatuta du muskulatura, ez dio gorputzaren pisuari eusten, eta oin punta lurrean du jarrita urratsa egiteko prest. Soina ezkerretarantz du inklinatuta kontrako mugimendua sortzeko, eta aldakan jarrita duen ezkerreko besoak laguntzen dio horretan, burua ere ezkerretarantz biratuta duela. Eskuineko besoa luze du jarrita beherantz, gorputzetik bereizirik, baina hautsita du eskua eta ez da antzematen armaren bati helduko ote zion ala ez. Burua era harmoniatsuan dago egokituta, baina azaleko korrosioak desagerrarazi ditu hazpegiak. Gainalde lauko korintoar kaskoaren azpian du bilduta ilea.

K.a. V. mendeko eredu klasikoetan du jatorria gure irudiaren egokierak, eta eredu horiek proportzio kanonikoetan eta egokieraren jarrera lasaian oinarritzen dute beren harmonia. Soilik kasko korintoarrak ematen du Aresekin identifikatzeko aukera, garai hartako eskultoreek jarrera lasai horietan irudikatu baitzuten Ares, marmolezko estatuetan antzeko irudirik ez bazuten ere. Brontzezko piezen artean British Museum museoan dagoen beste batekin erlazionatu liteke, hori ere Ares jainkoarekin identifikatzen baita korintoar kaskoa duelako eta zintzoki kopiatzen duelako Polikletoren Dorifororen anatomia; beraz, agerian geratzen da badaudela armarik gabeko Aresen irudiak, atleten pareko itxura ederra dutenak, atletak baitziren gizonezkoak irudikatzeko kanonak. Nolanahi ere den, kontserbazio egoera kaskarrean dago gure brontzea, eta ezinezkoa da erromatarren garaiko kopia garrantzitsu honen bidez iritsi zaigun eredura gehiago hurbiltzeko aukera emango liguketen beste ñabardura batzuk aztertzea. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 148-150, n° 14.