Anselmo Guinearen marrazki-albuma - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Anselmo Guinearen marrazki-albuma

Guinea, Anselmo

Bilbao, 1855/05/18-Bilbao, 1906/06/10

Grafitoa, ikatz-ziria eta koloretako arkatza paperean

15,3 x 23,2 x 2,2 cm

Anselmo Guinea

c. 1899-1900

07/403

Michel Mejuto Alonso jaunaren dohaintza 2007an

Anselmo Guinearen eskutik kontserbatu diren ehundik gora marrazkiak oso gutxi dira kontuan hartzen badugu azken obraren aurretik zirriborro ugari egitea zela artista haren lan metodologia. Kontua are harrigarriagoa da egiaztatzean gaur ezagutzen direnetatik gutxi batzuk bakarrik sortu zirela helburu horrekin.

XIX. mendean zehar ohikoa zen artistari zerbaitek ala norbaitek arreta pizten bazion -eraikin bat, gizaki bat edo objektu hutsalenetako bat izan zitekeen-, bere oharren libreta ateratzea poltsikotik eta hura jasotzea. Baina, salbuespen kasu batzuetan izan ezik, ia ezinezkoa da artista baten ikus memoria bere zirriborroen bidez berreraikitzea, gure egunetara osorik iritsi diren kaiera haien bildumak ez baitira ugari. Horrenbestez, Guinearen kasua ez da berezia. Erromara egin zuen lehen bidaian (1875-1876) eraman zituen bi album moztuez eta bere garaian beste album batzuetakoak izan ziren orri solte batzuez gain, mintzagai dugun hau da osorik mantendu den bakarra.

1899ko udan egindako marrazkiak ditu kaiera honek, baina bi multzotan banatuak. Lehenengoa Arratia haranean egon zen garaikoa da, hainbat urte baitzeramatzan uda partea han igarotzen. Hala ere, albumean, Gorbeia mendira egindako txango bati dagozkion krokisak daude hasieran; ermita bat eta gailurretik hurbil, zelaietako batean, dauden artzainen etxola batzuk ageri dira haietan. Urte hartan Zeanuriko (haran bizkaitar hartako herrietako bat) parrokoak antolatutako batzordearekin loturik egon liteke irteera hura, Leon XIII.a Aita Santuaren gomendioa betetzeko, hauxe da, munduko gailur nagusietan gurutzeak jartzea XX. mendearen iritsiera ospatzeko, eta hartatik etorriko zen Gorbeiako Gurutzea zutitzea.

Arratiako gizakien eta txokoen zirriborroen artean, aipatzekoak dira Mezondoan Arteagako elizan (1899, Bilboko Arte Ederren Museoa. Inb. zk. 82/39) koadrorako zirriborroak; tenpluaren barnealdeko albo baten marrazkia ageri da haietan, behe korutik ikusia, baina irudien kokalekua ez dator guztiz bat olio pintura bukatukoarekin, eta protagonisten: gurutze eta estandarte eramaileak, hainbat zirriborro ere ikus daitezke.

Bigarren marrazki multzoa, berriz, mende amaieran Ramón de la Sota ontzi jabearekin itsasora maiz egin ohi zituen irtenaldi batean edo batzuetan egina da. Izan ere, Goizeko-Izarraren ikuspegiarekin hasten da multzoa, ontzi jabe haren aisialdirako lehen ontzia, hain zuzen ere, izen hori zuena. Uda hartan itsasoan egindako txangoetako batetik bueltan, itsasoan galdutako batzuen salbamenduan izan zen Guinea, eta hurrengo urtean, Josephita txaluparen salbamendua (1900) izeneko koadro handian jaso zuen gertakizun hura. Eszenaren zirriborro azkar bat ageri da albumean, baina bertan jada finkatuta gelditzen dira konposizioaren ildo nagusiak. Hartan ere, obra amaituan bezalaxe, ostertzaren goiko lerro baten gainetik ikus daiteke ontziaren silueta, olatuek astindua.

Era berean, bigarren atal honetan zirriborro ugari jaso dira era askotako ontzienak, eskifaikide batzuenak eta tresneriaren eta ainguren xehetasunak azaltzen dituztenak, Nerbio ibaiaren bokalaren (Areeta eta Portugalete) ikuspegi batez gainera, itsasotik ikusia. Orrialde hauetan ageri diren itsasontzietako asko kirol belaontziak dira, Guineak Goizeko-Izarretik marraztu zituenak Abran abuztuan egin ziren estropadetan. Zirriborro horietako gehienek balio izan zioten gero Abrako estropadak koadroa (c. 1899-1900) osatzeko.

Lehorretik begiratuta egindako Abraren ikuspegi batekin, eta Algortako kai zaharreko albo baten ikuspegiarekin osatzen dira bere udaldiko bigarren zati honetako marrazkiak. Albumak, oro har, Guinearen marrazki eboluzionatua ageri du, bere heldutasun garaian egina, oso bestelakoa hirurogeita hamargarren hamarkadan eta laurogeigarrenaren zati batean erabili zuenarekin alderatzen badugu. Jada saihestu egin ditu trazu laburreko zirriborroak, eta ibilbide bihurriko marra arinera igaro da orain Adolfo Guiardekin elkarlan estuan aritu eta Parisen bi egonaldi egin ondoren.

Bestalde, inguruneak obraren gainean duen eragina islatzeko interesa dute itsasoan egindako marrazkietako batzuek, haietan nabari baita, itsasontziaren kulunkaren eraginez nola aldatu den trazuaren segurtasuna. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 286-306, n° cat. 115.