Amatasuna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Amatasuna – 82/938

Asarta, Inocencio

Gastiain (Nafarroa), 28/12/1861 - Bilbao, 06/06/1921

Olioa mihisean

80,3 x 60,9 cm

I Asarta (eskuineko beheko angelua)

1903

82/938

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Amatasunaren gaia konstante bat da XIX. mendetik XX. menderako igaroaldiko espainiar pinturan, nola joera kostunbristakoan hala errealismo sozialaren barruan sartzen denean, eta emakumearen izatetik ezin bereizi zitekeen ilusio pozgarri gisa eratzera iritsi zen. Bere garaiarekiko sentibera zen artista izanik eta orobat egonik Erroman, Parisen, Bartzelonan eta Madrilen prestatzen jardun zuen urteetan zuzenean ezagutu zituen pintura joerei irekia, Asartari asko interesatu zitzaion gai hau. Artistaren biografia bera erantsi behar zaio horri, izan ere, 1903.-1904. urteen inguruan euskal kostaldeko lan eta etxeko giroetara hurbildu zen.

Amatasuna oso eszena atsegina da; sukalde batean gertatzen da, eta lanaldi gogorrean hartutako atseden une bat erakusten du. Ama gazte bat ikusten da -euskal sardina-saltzaile bat, zalantzarik gabe-, etxeko sutondoan eserita, magalean duen semetxoarekin jolasean, bularra eman aurretik, beharbada. Haren atzean, beste emakume bat ari da sukaldeko zorua garbitzen. Hainbat objektu dituen arasa batek ixten du eszena, atzealdean. Ingurua ez da idilikoa, inondik ere: sardinak saski batean sakabanatuta, uraza-hostoak eta toskazko plater bat, janari hondarrekin. Arrantzaleen ohiko etxe bat da, xehetasun bereizgarriekin, esate baterako, sabaitik zintzilik dauden sareak. Surtan eltze bat dago berotzen, eta suak, oso arin, berotasuna ematen dio eszenari, naturaltasunez agertzen diren garren bitartez. Guztiz gogorra den bizimoduaren irudi samurra.

Emakume gaztearen jantziak apalak dira, eta García Asartak erretratatutako beste hainbat emakumeren gorpuzkera berekoa da: gorputza lodia, aurpegiko azala gorrixka eta ilea motots batean bildua. Paletaren berotasunak XVII. mendeko espainiar eskola ekartzen du gogora, eta emakumearenganako interesak eta kolorea aplikatzeko moduak, berriz, Parisko modeloak. Azoketan sardinak pilatzen dituzten eta, aldi berean, senarrak itsasoan arrantzan ematen dituzten denboraldi luzeetan familia ekonomia eraman behar izaten zuten emakume langile horien adibide argia da Amatasuna. Irudi nagusiaren marrazkia bikaina da; herabetasunik gabe erakusten da, bere haurtxoarekin atsegin hartzen duen ama baten naturaltasunaz, ikuslerik ez balego bezala. Atzean, makurtuta, lanean ageri den irudiarekin kontrastatzen du eszenaren xalotasunak.

Pintzelkada, doitua bada ere xehetasun nagusietan, soltea da, eta gozotasun adierazkorrekoa, zenbaitean. Krema eta okre koloreek, urdinekin eta moreekin zuzen nahastuta, itxura atsegina ematen diote eszenari, nahiz eta barnealdea ez den inondik ere dotorea. Margolanak lerro diagonala ezartzen du, artistaren oso gustukoa; beheko suaren mailak markatzen du, eta atzean makurturik dagoen irudirantz zuzentzen da. Argiaren foku nagusiak amatasuna nabarmentzen du, eta, horretarako, tonuak argitu eta paleta oso interesgarria eskaintzen du irudien jantzietan. Gainera, amak haurtxoaren keinuari egiten dion irribarre samurra ikusteko aukera ematen digu. Beste argi-foku bat beheko sutik dator, eta sugarren inguruko objektuak islatzen ditu. (Ignacio Urricelqui)

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 71, n° cat. 346. (Con el título Maternidad, y atribuido a Inocencio Asarta)
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 26. (Con el título Maternidad).
  • Castañer López, Xesqui. "Iconografía de la mujer en los pintores vascos, siglos XIX y XX", Kobie : bellas artes, n° 2. 1984. p. 111.
  • Cat. Inocencio García Asarta. Iruña, Cultura y Deporte, 1991.
  • Castañer López, Xesqui. La imagen de la mujer en la plástica vasca contemporánea, s. XVIII-XX : aproximación a una metodología del género. Bilbao, Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993. p. 70.
  • Urricelqui Pacho, Ignacio Jesús. "Inocencio García Asarta en el Museo de Navarra", Príncipe de Viana, n° 225. 2002. p. 94.
  • Urricelqui Pacho, Ignacio Jesús. La recuperación de un pintor navarro : Inocencio García Asarta, 1861-1921. Pamplona, Gobierno de Navarra, Departamento de Educación y Cultura, 2002. pp. 166, 205, 236, 267, n° cat. 80.
  • Emakumearen irudia : bestelako begiratu bat = La imagen de la mujer : otra mirada [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Diputación Foral de Álava, 2003. pp. 60-61.
  • Urricelqui Pacho, Ignacio Jesús. Inocencio García Asarta. Pamplona, Fundación Caja Navarra, 2003. pp. 31, 35, 54-55.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 42-43.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. pp. 42-43.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 484-486, n° cat. 107.
  • Itsasoa artean, itsaroaren artea : Bilboko Arte Ederren Museoko Bilduma = El mar en el arte, el arte del mar : colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa-Museo Marítimo Ría de Bilbao, 2010. pp. 21, 25, 55.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. pp. 42-43, n° cat. 18b.