Bilduma online eta irudien salmenta
Ama Birjina Haurrarekin – 69/417
Anonimo espainiarra. XIII. mendearen hirugarren laurdena
Egur landu eta polikromatua
140 x 50 x 30 cm
c. 1270
69/417
1959an eskuratua
Ama Birjinaren irudi hau, hutsa gibelaldetik, segur asko orri tolesgarriak izango zituen aldare batean egongo zen. Nola zokaloa hala oinaldea zaharberrituta daude, haragi koloreko atalak eta eskuak ongi kontserbatu diren bitartean.
Ama Birjina zutik erakusten duten irudiak XII. mende amaieran hasi ziren jartzen giza irudiekin apaindutako Frantziako eliz atarietan; luze gabe, elizen barrunbean, tronuratutako Ama Birjinen lekua hartuko zuten. Eskultoreen lan nagusi bihurtu ziren estatua horiek. Batik bat mariologia oso konplexua delako, irudiak zailak dira interpretatzen.
Kristau fededunentzat, agerikoa eta bakarra da Ama Birjinak hierarkian hartzen duen lekua. Gizaki ororen gainetik dago, hark sortu eta ekarri baitzuen mundura Jainkoa, Jainkoaren ama eta, aldi berean, Jainkoak kreatutako pertsona baita. Dotrina mariologiko guztiek ondorio bakarra ateratzen dute paradoxa horretatik: Sortzez garbia da Maria, hau da, jatorrizko bekatuak orbandu gabea da, Adanen eta Ebaren erorikoarekin gizaki guztiek jasaten dituzten ondorio guztietatik salbuetsia da; beti birjina izan zela Jesus sortu eta mundura ekarri bazuen ere; Jakituria immanente batez hornitua izan zela eta, azken buruan ez, zerura igo zela gorputzez eta arimaz; bertan bitartekariarena egiten du Jainkoaren eta gizakien artean.
Azken batean, Jesukristoren irudikapenak dira Ama Birjinaren irudikapen guztiak. Estatua honetan, erdi perfilean ageri zaigu Jainkoaren ama, semeari begira dago, soilik semearen bidez (Jainkoaren semea izanik gizon bihurtu zen gizaki bekatariak salbatzeko) finkatzen baita Ama Birjinaren posizioa. Horregatik ageri da Haurra horren leku altuan. Horrek efektu plastiko biziagoa eragiten du, eta erdian ez badago ere, konposizioaren benetako erdigunea eratzen du.
Itun Berrian ez da hainbeste mintzatzen Mariaren inguruan. Bere xumetasunean, beti ageri da semearen atzean. Hala eta guztiz ere, Itun Berria Itun Zaharraren azkentze gisa hartua denez, Salbazioari buruzko kristau historiaren mami guztia jada Itun Zaharrean agertzen zen, horixe izan zuten abiapuntu. Erreferentzia ugari aurkitu ziren Biblian eta, horregatik, Itun Zaharreko emakume eredugarri ia guztiak hartu ziren Ama Birjinaren aitziniruditzat. Honelaxe dio oso modu ederrean XV. mendeko olerki frantses batek:
Plus que Sarah dévote et sage,
C'est une Judith en courage,
Une Esther en humilité
Et Rachel en honnêteté.
En langage est aussi bénigne
Que la Sybille Tiburtine.
Plus que Pallas a de prudence
De Minerve a l'éloquence.
C'est la Non Pareille qui soit..
Hala eta guztiz ere, ahapaldi horietan ez dira Ama Birjinaren aitziniruditzat hartu diren emakume guztien izenak aipatzen, ez dira aipatzen David erregearen birramona Ruth, Salomon erregearen ama Betsabe, Sabako erregina eta beste batzuk. Itun Zaharraren eta Berriaren arteko konexioa ez da soilik garrantzi handiko erlazioa, izan ere, oposizioaren eta kontrastearen erakusgarria ere bada, Ebaren eta Mariaren irudien arteko kontrastearen erakusgarri.
Biak dira antzekoak alderdi bikainenetan, esate baterako, antzekoak dira edertasunean eta bikaintasunean, baina Ebak jatorrizko bekatuarekin suntsitu zuena konpondu zuen Eba Berriak; hortik aingeruaren agurraren hiru letrak --AVE-- EVA izen berezia atzekoz aurrera irakurrita interpretatu izana. Aztergai dugun estatuan Ama Birjinak eskuineko eskuan duen sagarrean islatzen da interpretazio hori, Ebak Bizitzaren Zuhaitzetik erauzi zuen fruituaren ikurra da.
Kantarik Ederrena ere, bere interpretazio alegorikoa medio, testu mariologiko bihurtzen amaitu zuen. Bertan deskribatzen den sponsa eta sponsus arteko, hau da emaztearen eta senarraren arteko, maitasun erlazioa Mariaren eta Jesusen arteko erlazioaren aitziniruditzat hartu da, baina, aldi berean, ecclesiarekin, hots, Elizarekin, identifikatzen da emaztea. Kantarik Ederrenean eta Salmoen Liburuan ugari dira hitzez hitz interpretatzen ziren metafora poetikoak eta esapide sinbolikoak. Esate baterako, Kantarik Ederreneko «leva eius sub capite meo» («nire buruaren azpian hartzen du atseden haren ezkerraldeak », 2, 6 Kanta) esaldiak eraman zuen eskultorea Haurra amaren kokotsa laztantzen ari dela irudikatzera, garai hartan keinu hori senarrak emazteari egin ohi ziola emakumearen jabe zela argi eta garbi uzteko. Emaztearen laudorioa --«Collum tuum sicut turris eburnea» («Bolizko dorre bat bezalakoa da zure lepoa», 7, 4 Kanta)-- aitzakiatzat hartzen da Ama Birjina bolizko dorre bat bezalakoa balitz bezala laudatzeko, baina aldi berean, lepoan arreta berezia jartzeko baliatzen da. Gainera, Mariaren jantzia berez bihurtu zen interpretazio sinbolikorako gai. Horregatik, estatua honetan xehetasun osoarekin ageri da gerrikoa.
Garaiko sinesmenen arabera, sortu zen unean salbuetsita gertatu zen Maria jatorrizko bekatuaren orbanetik, eta beraz garbi jaio zen. Hamalau urte zituen Jesus sortu zuenean. Horregatik, beti irudikatzen da ama gisa, sekula ere ez emakume ezkondu gisa. Debozioan gertatutako aldaketa baten emaitza da Ama Birjina zutik erakusten duten irudien hobespena tronuan eserita dagoen Ama Birjinaren irudienaren aldean. Irudi baten eta ikuslearen arteko erlazioari dagokionez, alde handia dago oraindik haurra den agintari baten tronuarena egiten duen irudi hieratiko baten aurrean egokitzearen eta besoetan seme bat duen eta haurrari pozez beterik begiratzen dion, irribarre egiten dion, laztantzen duen eta babesten duen ama baten aurrean egokitzearen artean. Zalantzarik gabe, Maria da Ama Birjinarik apalena; apal-apal bizi izan zen bere senarrarekin, Joserekin, eta eskuak izan zituen lanabes. Aitzitik, Erdi Aroan, uko egin zioten haren jatorri xumea onartzeari, eta ontzat hartu zuten Jose David erregearen etxetik etorritako bat zela eta Maria ere aipatu erregearen jatorrikoa zela zioen informazioa, hots errege jatorrikoa zela. Interpretazio horrek, baina, besterik gabe bat egin zuen haren bizimodu xumearekin.
Aingeruen erregina da Maria, zeruko eta lurreko erregina, horregatik irudikatu ohi da koroa jantzita duela. Ohitura horrek agerian uzten du, benetako irudi batekin antz handia izan arren, irudiak objektu teologikoak direla. Ama Birjinaren irudiei buruan koroa ipintzen zitzaienean, arropa garestiekin janzten zirenean eta perlazko lepokoekin eta harribitxiekin apaintzen zirenean, ez zitzaion erreferentzia egiten Nazareteko Maria apalari, zeruetako noiznahiko erreginari baizik. Teologiaren ikuspuntutik, lurreko eta zeruetako Ama Birjinaren eta Mariaren, Jainkoaren amaren, noiznahiko irudikapena da estatua hau, denboratik eta modetatik at dagoen irudi independentea da.
Ama Birjina hau Felipe Augustok sarrarazitako erregina jantzi xumearekin jantzita dago, tunika antzeko soinekoa eta, gainean, mantu erdizirkularra, bularraren azpian bildua, eta buruzapi bat koroaren azpian. Garaiko gorteko portaera arauen araberakoak dira Ama Birjinaren keinu zuhurrak eta mugimendu neurtuak. Tolesen erorkerak agerian uzten du jantziak ez direla zetazkoak, Chartreseko estatua zaharrenetan bezala, baizik eta tokiko artile astunez egindakoak zirela. XIII. mendeko Ama Birjinaren irudi frantsesetako jantzien hiruko kromatikoak --urre kolorea, urdina eta gorria-- metal bikainenari egiten dio erreferentzia, eta horrekin batean, haren distirari eta garbitasunari; baita sinbolismo handieneko beste bi harribitxiri ere, zafiro urdinari eta errubi gorriari. Gaztelako Blancaren eta haren seme Luis IX.aren agintaldietan (Luis kanonizatu egin zuten), Frantziako erregeen kolore bihurtu zen aipatu hirukoa. Ama Birjinaren eskuaren mugimendu apur bat ausartak eta tolesen konposizioak iradokitzen dute artistak ezagutzen zuela 1260. urte inguruan landutako eta Sainte-Chapelletik (egun Louvre museoan dago) iritsitako Ama Birjina Haurrarekin bolizko estatuaren estiloa. Estiloaren ikuspuntutik, baina, hurbilagoa du Cincinnatiko (Ohio) Talf Museoan dagoen Saint-Denisko abadiako bolizko estatua txikia. Hala eta guztiz ere, nire ustez ez zen Parisen izan Bilboko Ama Birjinaren estatua landu zuen artista. Hipotesi honen alde egiten dute erabilitako materialak eta xehetasunak lantzean nabari diren segurtasun eza batzuek. Garai hartan ahaidetasun maila handia zegoen Iberiar Penintsulako Errege Etxearen eta Capetotarren leinuaren artean, eta beraz, ez da harritzekoa gure artistak horren gertutik jarraitu izana Frantziako gorteko artea. (Robert Suckale, 2011)
Bibliografia hautatuta
- Ara Gil, Julia. "Imágenes Góticas de la Virgen de procedencia francesa en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Urtekaria 1990 : asterlanak, albistak = Anuario 1990 : estudios, crónicas. 1991. pp. 7-21.
- Hay más en ti : imágenes de la mujer en la Edad Media, siglos XIII-XV [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2011. pp. 212-215.
- Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 167-168, n° cat. 417. (Con el título La Virgen con el Niño en brazos, y como Anónimo Francés del siglo XV)