Aharia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Aharia

Anonimoa, IV. mendea, K.a.

Brontzea

4,33 x 5,39 x 1,78 cm

82/891

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Aharia zutik, lau hanka zuzenen gainean hartzen du atseden. Aurreko hanketako azkazalak falta zaizkio, euskarritik erauziak izan balira bezala. Gorputz handia du, biribila, isats lodia eta luzea. Lepo luze eta liraina du, buru txikia, mutur zorrotza eta adarrak bi biratan okertuak. Ebaki sakonek bereiziriko ile zamar handiekin estalita du gorputz osoa. Gainazala oro har oso higatuta du, sarritan erabili izan den molde batean egina balego bezala.

Aharien irudiak oso arruntak dira antzinako santutegietako botozko irudien artean, sakrifizioetan gehien erabiltzen zuten animalia baitzen aharia. Grezian K.a. lehenengo milurtekoaren lehen erdialdeko aleak ezagutzen dira, halakoak oso arruntak ziren Aro arkaikoan, eta antzeko irudiak landu zituzten Italiako eta Frantziako tokian tokiko kulturetan erromatarren garaira arte. Gure alearen ezaugarriak eta ezagutzen ditugun beste pieza batzuenak oso antzekoak dira, animalia horien ezaugarrietan aldaera handiak izaterik ez baitago, baina gure alearen naturaltasunak erraz gainditzen ditu lehenagoko aldietako eskema geometrikoak, eta beraz, K.a. IV. eta II. mende bitarteko eredutzat hartu behar da, nahiz eta erromatarren garaian ere aldaketa handiak bideratu gabe jarraitu zuten gisa horretako irudiak lantzen. Rabateko Museoan bada 1912. urtean Sidi Shinanen bideratutako indusketa lanetan aurkitutako ale bat, neurrietan eta jarreran gurearekin bat datorrena, baina horrek proportzio estilizatuagoak ditu, eta beraz erromatarren garaian kokatu beharra dago.

Iberiar Penintsulan kontserbatutako botozko aharien artean hainbat dira antzeko ezaugarriak dituztenak, horietako bat argitaratu gabe dago Madrilgo Lázaro Galdiano Museoan (1.830. Inb. zk.), ez dago adierazita nondik iritsia den, erromatarren garaikotzat katalogatuta dago, eta ale horretan ere antzera daude irudikatuta ahariaren ileak. Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean beste bi ahari daude Vives bildumatik etorriak. Bietan txikienak (22.839. Inb. zk.) motzago eta etzanago du lepoa, burua oso-oso handia, baina bigarrenak (22.840. Inb. zk.) antz handia du gurearekin, ileak laburrago adierazita baditu ere. Katalogoaren arabera, azken hori Jaengo Cazorla mendikatetik iritsia da, eta beraz, estu lotuta egongo da Andaluzia eta Mantxa arteko igarobideetako santutegiekin,santutegi horietan botozko giza irudi eta animalia asko eta asko aurkitu baitira. Gure alearen estiloa oso errealista da, Grezia klasikoko ereduetatik oso gertu dagoen irudia ezagutzen dugu bertan, baina zuzeneko imitazioak direnen artean sailkatu behar da, askoz ere forma estilizatuagoak landuko baitzituzten oretaniar tailerretan. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 406-408, n° 80.