Ahari formako askos - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ahari formako askos

Anonimo grekoa

K.a. IV. mendea

Zeramika

13 x 6 x 22 cm

82/1505

María de Arechavaleta andrearen legatua, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Edontziarena egiten du ahariak. Buztin finarekin dago landuta, modelatuta, polikromatuta eta erreta, gehienez ere 22 zentimetro luze da, 13 garai eta 6 zabal. Azpiko aldean paperezko etiketa bat du itsatsita "J.P. 76" erreferentziarekin, hots, Maria Aretxabaletak Palacio Bildumari dohaintzan emandako seriearen baitan duen zenbakia adierazten du.

Gorputz arin eta argaleko aharia da, tolestutako hanken gainean atseden hartzen ari dena, burua aurrera begira. Ongi bereizita ditu gorputzaren anatomiaren atalak, aurreko hanketako muskuluak handituta eta atzekoak egokiro modelatuta hezurrezko egitura nabarmenarazteko, gisa honetako animalien irudikapenetan ohikoa ez dena, eskuarki ezkutatuta ageri baitira atzeko hankak artile kizkurren atzean. Pieza honetan egileak zehazki deskribatu du animaliaren anatomia, askoz ere arinagoa den beste animalia baten gorputza balitz bezala. Hankak naturaltasun osoz daude tolestuta, aurrekoak gorputzaren azpian geratzen direla, azkazalak gorantz, eta atzekoak aurrerantz tolestuta, azkazalak beherantz. Buztana lodia, atzeko hanken artean bildua barrabiletaraino iristeko. Horrek guztiak agerian uzten du egileak zorrozki erreparatu ziola errealitateari, nahiz eta hein batean idealizatu egiten duen animalia, bere itxura dotoreak, lepo luze tentetuarekin, lurrean erdi etzandako zaldi edo zezen bat gogorarazten baitu inolaz ere. Piezaren azala ere xehetasun guztiekin landuta dago: banan-banan landutako artile kizkurrekin estalita dago ahariaren larruazalaren zatirik handiena; aitzitik, lisoak dira bularraldeko, sabelaldeko, aurpegiko eta hanken behe aldeko ile motzak.

Argala da animaliaren burua, muturra luzea eta apur bat eroria aurreko aldean. Bira bakarrean daude egokituta adarrak, animalia gaztea baita itxuraz, eta barruan egongo ziren itsatsita belarriak, gaur egun soilik haien abiaburua kontserbatzen duen arren. Aurrera begira baititu gizaki baten moduko begiradarekin, begiak ere forma naturalen idealizazio pertsonalizatua dira, artistak obra honi eman nahi izan zion irudiaren erakusgarri. Ahoa hein batean luzea da, ezpainak lodiak, eta erdian zulo txiki bat du, edontziaren edukia pixkana isurtzeko balioko zuena. Edontziaren lepoa eta heldulekua buruaren atzeko aldean daude, buruaren altuera gailendu gabe, animaliaren silueta ez aldatzearren. (Ramón Corzo, 2013)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "El carnero dorado del Museo de Bellas Artes de Bilbao = The golden ram the Bilbao Fine Arts Museum = Bilboko Arte Ederren Museoko urre-koloreko aharia", Buletina = Boletín = Bulletin, n° 7. 2013. pp. 20, 22, 227.

Ahari formako askos