Bilduma online eta irudien salmenta

Agustín de Obietaren erretratua – 69/164
Madrazo, Federico de
Erroma, 1815/12/19-Madril, 1894/06/10
Olioa mihisean
65,5 x 54 cm
Fº Mº
1852
69/164
Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an
Museoan dauden Obietaren hiru irudietatik hauxe da goiztiarrena, irudi honetan hogeita hemezortzi urte ditu Obietak. Hiru laurdeneko busto luzean irudikatua, osagilea aurrez aurre begira dago irribarreari eutsirik eta hondo neutro eta apur bat argituaren aurrean. Hondo ilunak eta modeloaren jantzi soilari emandako tratamenduak --gorbata zabala eta lebita beltza-- aukera ematen dute erretratu honetan arreta osoa aurpegian jartzeko. Aurpegiaren ingeradak sfumato arin batez lausotuta ditu, Federico de Madrazoren estilo onenari jarraiki, haragizko atal bigunak eta urtsuak deskribatzen baititu eta erretratatuaren egiazko itxura desitxuratu gabe modeloaren itxura idealizatzen baitu. Argiaren erabilera iaioak aukera ematen dio Madrazori euskal osagilearen kopeta zabala eta haren alkandoraren paparra argitzeko; paparrean duen garaiko modaren araberako urrezko apaingarri dotore batek distira egiten du, argi-ilun sentsazioa eragiten du horrek, eta Obietaren hazpegiei begira oso mesedegarria gertatzen dela esan behar dugu.
Madrazok 159. zenbakiarekin sailkatu zuen obra hau bere margolanen zerrendan. 2.000 erreal jaso zituen ordainetan, bizitza profesionalean zehar bizi izan zuen sasoi emankor eta distiratsuenetako batean landu zuen, Isabel II.aren ganberako bigarren margolaria izendatu eta gutxira, erretratugile gisa gero eta ospetsuagoa zen garaian eta denek Erregina gaztearen irudi berriaren egiletzat hartu zutenean. Artistak merkatu burgesaren beharrizan batzuk asetzeko xedean landu zituen formatu xumeetako baten erakusgarria dugu honakoa, baina merkatu horri begira askotariko formatuak erabili zituen egile honek, tamaina handikoak, gorputz osoarekin eta berezko tamainan, eta honakoa bezalako busto txikiko formatuak, egilearen modelo intimoenak eta aldi berean zabalkunde handiena zutenak baitira. (Carlos G. Navarro)
Bibliografia hautatuta
- Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 53, n° cat. 216. (Con el título Retrato del doctor D. Agustín de Obieta, y atribuido a Federico de Madrazo)
- Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 73, n° cat. 164. (Con el título Retrato del doctor don Agustín de Obieta, y atribuido a MADRAZO, Federico de).
- González, Carlos; Rincón, Wilfredo; Martí, Monserrat. Federico de Madrazo y Küntz (1815-1894). Zaragoza, Cajalón Obra Cultural, 1995. pp. 176-177. N° cat. 16
- De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 163-165, n° cat. 19.