Afrodita Urania - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Afrodita Urania

Anonimoa, IV. mendea, K.a.

Brontzea

6,69 x 2,27 x 1,7 cm

82/887

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakumea zutik. Zoruan irmoki jarritako eskuineko hankan hartzen du atseden, ezkerrekoa tolestuta du eta eskuinetarantz gurutzatuta, oin punta atzerantz eramana eta zorua ozta-ozta ukitzen ari dela. Tunika mehe batez dago jantzita, emakumearen anatomia ikusten uzten du bularraldeko toles leunen pean, eta sabelaldeari eta ezkerreko hankari doitzen zaie hautemanezin bihurtzen den arte. Gibelaldean toles makotu bat eratzen du tunikak garondoaren inguruan, eta bizkarraren modelatua ikusten uzten duten uhin bertikaletan lausotzen da. Mantua aitzinaldetik erortzen zaio bertikalean ezkerreko sorbaldatik, eta gibelaldean gerri aldera gurutzatuta du, eskuineko besoaz biltzen du zangoaren aurretik igarotzen uzteko. Ezkerreko eskuak eutsi egiten dio mantuari, eta bizkarralderantz eramaten du, irudiaren albo osoa agerian utzirik. Burua oso higatuta du, desitxuratuta ditu hazpegiak, eta ez zaio orrazkeraren ñabardurarik hautematen.

Zabalkunde txikia izan zuen eredu bati dagokio, estatua handietan ez da pieza berdinik ezagutzen. Afrodita jantziaren ezaugarriak nabari zaizkio, Fidiasen Afrodita Uraniaren aspaldiko eredutik eratorriak, K.a. V. mende amaierako bertsioetan. Horien artean aipagarria da Vienako Kunsthistorisches Museum museoko Ekialdeko Afrodita deitua, Eros lagunduta dagoela, jarrera lasaiagoan, ezkerreko hanka tolestuta eta aurreratuta duela bere anatomia hobe ikusten uzteko, mantua bizkarraldera eramanda duelarik. Jarrera hori bera eta ezkerreko sorbaldan jarritako mantuaren egokiera bera antzematen dira ezkerreko hanka eskuinekoaren aurretik gurutzatuta duen eta eskuineko eskuarekin mantuaren tolesak gerrialdean biltzen dituen lehen eredu batetik eratorritako musa helenistikoen irudietan. Gure piezan eskultoreak nahiago izan du ezkerreko hanka tolestuta bai baina eskuinekoaren aurretik gurutzatu gabe aurkeztu, jainkosaren gorputzaren azalera handiena utzi nahi izan du agerian, ezin meheagoa den tunika bera ere ia ikusezin bihurtzen baita.

Chiusiko iskilinba baten burua apaintzen duen urrezko irudi txiki eta mehe batean topatzen dugu gure brontzezko piezaren paralelo zehatza hanken jarrerei dagokienez, mantua sorbalda gainean jartzeko moduari dagokionez eta jainkosaren eskuek mantuari eusteko ageri duten formari dagokionez; baina ez dago tunikaren arrastorik bat ere, eta hortaz, Afrodita biluzik dagoela ematen du. Nolanahi ere den, bi piezak berdin-berdinak dira besoen eta hanken jarrerei dagokienez, eta beraz, Taramona-Basabe bildumako brontzea segur asko irudi etruriar bat izango da, K.a. IV. mendekoa, Afrodita Uraniaren ikonografia grekoaren aldaera, Etruriako tailer batean landua, geroago erromatar artean jarraitutasunik izango ez zuena.

Obra hau Afroditaren anbibalentziaren lekukotasun ona da, izan ere, emakumeen gorputzaren edertasunaren bi alderdiak irudikatzen ditu, haren sorreraren garbitasunari lotua bata eta irrika erotikoa eragiteko duen ahalmenari lotua bestea. Konposizio hau sorraraziko zuten Afrodita Uraniaren prototipoek moduzkotasuna zaintzen dute irudi biluzia aurkeztean, joniar tunika meheak erabiltzen dituzte arropak erantzi behar izan gabe anatomia ederra ikusten uzteko. Gure brontzearen egilea kontzeptu horren jakitun zen, eta modu egokian adierazi zuen horretarako mantua eskuineko hankaren gainera biratu behar izan bazuen ere tunikaren presentziarekin bateraezina den forma batean, tunika oztopoa izango baitzen mantuak hanka estaltzeko. Lehen aipatutako etruriar iskilinbaren buruan ez da tunikarik hautematen, eta beraz, askoz ere hobea da mantuaren egokiera, baina irudiak galdu egiten ditu bere lotsak. Segur asko etruriar iskilinba horretako irudia emakumeek apaingarri gisa erabiltzeko izango zen, jainkosa bere alderdi mundutarrenarekin eta haragizkoenarekin lotzen baitu, eta biluztasunak bateraezintasunik bat ere planteatzen ez baitu.

Horrenbestez, esan dezagun gure brontzeak Uraniaren kontzeptuari eusten zion eredu batean duela jatorria, botozko helburua zuela, erlijio giroan erakusteko zela. Urrezko iskilinbaren bertsioa ere eredu horretan oinarritzen da, baina egileak pertsona batek apaingarri gisa erabiltzeko landu du, eta erlijio kontuak alde batera utzirik emakumearen sentsualtasuna nabarmendu nahi izan du. (Ramón Corzo Sánchez, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 93-97, n° 2.