Afrodita ispilura begira - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Afrodita ispilura begira

Anonimoa, I. mendea, K. a.

Brontzea

8,37 x 4,13 x 1,73 cm

82/835

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik dago. Luze jarrita duen eskuineko zangoan hartzen du atseden, eta ezkerreko zangoa apur bat airean eta atzerantz tolestuta du, oin punta zoruan jartzeko prest. Soina ezkerretarantz eramana du aldaken mugimenduaren bidez, eta burua eskuinetarantz du begirada ispilu bati helduko zion eskurantz zuzendua; ezkerreko eskuarekin orrazten ari da ilea. Buruko hazpegiak egokiak eta neurritsuak dira, adatsak atzerantz bilduak kopeta garondoraino inguratzen dion kiribil handi baten bidez. Ilargi erdiaren formako diadema dekoratu gabe bat du, eta buruaren goiko aldean erdiko marra batek bereizten ditu bi alboetara lerratzen diren adatsak. Irudiaren tamaina mugatu horretan oso egokia eta neurritsua da modelatua.

Batik bat Alexandriako eskola helenistikoan sortutako modeloen seriean kokatu behar dira Afroditaren gisa honetako irudiak. Halakoetan, jainkosak galdu egiten du bere jarrera zerutiarraren zati handi bat bainuari berariazko zaizkion eguneroko jarreretan agertzeko. Zipren sortutako jainkosaren jaiotzaren eta itsasotik egindako irteeraren pasartearekin zuzeneko erlazioa duen arren, Alexandriako artistak idortzeko eta orrazteko jarreretan irudikatzen zuten jainkosa, eta sarritan Erosek laguntzen ziola. Ileak orrazteko ispilura begiratzeko unea garrantzirik gabea da inolaz ere, baina edertasunaren iragankortasunari buruzko giza hausnarketari bide emateko balio izan zuen gerora, eta Velazquezena (oraindik ere iturri agortezina bait edertasun bikainena irudikatzeko bidean Artearen azken zentzuari buruzko analisiak egiteko) bezalako obra garrantzitsuetarako gai gisa erabili izan zen irudi hori.

Ekialdeko giro helenistikoetan landu zituzten jainkosa bere burua garbitzen irudiaren bertsio ugarien barruan Siriako sorkuntza mota bat izan daiteke gure pieza hau. Louvre Museoan dagoen irudi batek konposizio berdina ageri du baita kontrako aldera, ispilua ezkerreko eskuan duela eta eskuinekoa sorbalda gainera erortzen zaion ile adatsari helduta. Kasu honetan, nola zangoak hala gorputza gure brontzezko irudiaren jarrera berdinean ditu, baina konposizioa itxiagoa da, eta ekialdeko beste obra batzuei berezkoa zaien moduan, buruko diademaren gainean landare hostoez eraturiko koroa batek inguratzen dio burua. Carpentraseko Comtadin-Duplessis Museoko Afrodita jarrera berean dago, antzeko modelatua ageri du leuntasunari eta orekari bagagozkie, eta ezaugarri ia berdin-berdinak ditu, nahiz eta ile luzeagoak dituen, ile adats kizkur bi buruaren alde banatako sorbalden gainera erorita, Louvre Museoko piezan bezala. Ez ditu besoak kontserbatzen, eta beraz, ez dakigu eskuineko eskuan ispilua zuen ala ez, nahiz ere irudiaren begiradaren norabideak bazuela iradokitzen duen.

Gogora ekarri behar dira mosaikoetan irudikatutako jainkosaren itsas garaipenaren bertsio ugariak. Obra horietan uretatik sortzen den Afroditaren eta bere edertasunari ispilu baten bidez erreparatzen dion Afroditaren arteko lotura finkatzen da, jatorrizko edertasuna eta eraldaketa gogorarazten dituzten bi ekintzetan; katalogo honetan aurkeztutako aurreneko obrak ere lotura horri egin liezaioke erreferentzia. Gure brontzean kontzentrazio keinu itxurazko bat antzematen da jainkosaren begiradan, ez zaio burutik pasatzen inor hari begira egon daitekeenik, geroagoko artean kontu horrek izango zuen zentzu garrantzitsua iradokitzen ari dela ematen badu ere. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 98-102, n° 3.