Afrodita Anadiomene - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Afrodita Anadiomene

Anonimoa, II. mendea, K.o.

Brontzea

7,27 x 3,52 x 2,1 cm

82/836

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik dago. Erabat biluzik dago, hankak elkartuta jarrera irmoan, eskuinekoa apur bat tolestuta. Burua, oso higatuta, eskuinerantz biratuta du luze jarrita duen besoaren muturrari begira jartzeko. Forma biribilak dira nagusi gorputzean, bularrak eta aldakak ez dira nabarmenak, ia haur bati legozkiokeenak bezalakoak dira. Sorbaldaren mailaraino du goratuta eskuineko besoa, baina ukondorainoko tartea galduta du, eta beraz, ez dago jakiterik eskuan objekturen bat zuen ala ez. Ezkerreko besoa beherantz luzatuta du gorputzari atxikita, eskua aldakan jarrita mantu bilduari eusteko. Manu horren beste muturra nabari daiteke eskuineko aldakaren gainean, eta beraz, gorputzaren atzeko aldetik gurutzatuko zen ipurmasailak estaltzeko baina irudia ukitu gabe. Aurpegi biribila du, begiak zirkularrak, bekainen azpiko bi sakonuneak elkartzen dituzten diskoen formakoak, beheko aldera eramandako sudurrean luzatzeko bi arku uztartu eratzen dituztenak. Obalo batek itxuratzen du ahoa eta kokots handia eta irtena du. Adats lauetan antolatuta du ilea, aurpegiaren obaloan dute abiapuntua adats horiek, belarriak estaltzen dituzte eta garondoan biltzen dira ebaki sakon eta ordenarik gabeen bidez irudikatutako orrazkera sinple batean.

Modelatuaren kalitatea kaskarra bada ere, egileak arreta berezia jarri zuela salatzen du mantuaren antolaerak, izan ere, egileak ahalegin berezia egin behar izan zuen oihalek gorputza ukitu ez zezaten, mantuari eusteko ezinbesteko bi puntutan izan ezik. Brontzezko irudi txikietan bezala marmolezko eskultura handietan ere Afroditak mantua erabiltzen du bere anatomia hein batean estaltzeko, eta eskuarki lotsa adierazten duen keinu bat egiten du eskuak gorputzaren aurrean jartzen dituenean. Gure irudian ezkerreko eskua gorputzari itsatsita du mantuari eusteko eta mugimendurik bat ere iradoki gabe, eskuinekoa gorputzetik guztiz bereizita izango zuen bitartean. Jainkosa kontzienteki biluzik dagoela agerian uzteko asmoa hautematen da, ez duela bere biluztasun osoa ez eta mantuak estaltzerik ere nahi. Antzinako ikonografiaren bereizgarri hori soilik Italican (Santiponce, Sevilla) aurkitu eta egun Sevillako Herrialdeko Arkeologia Museoan dagoen eskultura guztiz berezian aurkitzen dugu.

Italicako Afrodita ikonografia mota berezi gisa sailkatua da, ez zaio antzekorik ezagutzen, eta hortaz, Adrianok sustatutako hiri berrirako apaingarri berezienak enkargatu zitzaizkion artistaren asmaziotzat hartua da. Irudi hau aurkitu zutenean, 1940. urtean, poetak izan ziren irudi honen zentzua ulertu zuten aurrenekoak. Honelaxe kalifikatu zuen Agustín de Foxak: "¡Descabezada conDea! porque no estás turbada / por el vil pensamiento, serás la pura Norma", eta hitz hauekin nabarmendu zuen bere biluztasunaren garbitasuna Jorge Guillenek: "Invulnerable Venus tute/ erguida, / una hoja en la mano, / con su gracia sin fin, con su desnudo / ¡Ileso!". Obra honetan harrigarriena lotsa keinurik bat ere ez izatea da, aurrerantz egiteko erabakia hartua baitu irudiak, jainkosari izurde batek baizik laguntzen ez diola, jainkosak itsasoarekin duen harreman estua agerian utzirik.

Gogora ekarri beharra dago Andaluzia aldean berriki egindako beste aurkikuntza batzuek berretsi egiten dutela jaiotze uneko Afroditaren prototipoak eta gizakien aurreko aurreneko agerraldiak Andaluziako lurraldeari berari oso estu lotuta dagoen ikonografiari erantzuten diotela; izan ere, Isisen oinordekoa zen aldetik gurtu egiten zuten Itsasoetako Jainkosatzat harturik. Horregatik beragatik, Cadizko Aphrodisias irlako santutegian, nabigatzeko sasoiaren hasiera ospatzeko (nauigium Isidis edo nauigium Venere) jaia egiten zuten, eta itsasoraino eramaten zuten jainkosaren irudia, "uretan sortua" denaren irudi gaztearekin, adats bustiak sorbalden gainera erorita, geroago "Afroditaren bainua" irudikatzeko ikonografia helenistikoan baliabide estetikotzat hartua izango zenaren arabera. Bestalde, Muniguako termetan (Castillo de Mulva, Villanueva del Río y Minas, Sevilla) emakume baten buru bat aurkitu zuten 1960ko hamarraldian, ile heze eta leuneko itxurarekin, eta Hispaniaren iruditzat hartu zuten. Baina hogeita hamar urte geroago gorputza aurkitu zuten, emakume biluzi baten gorputza, oihalik edo janzkirik gabea. Beraz, ustezko Hispaniaren ile hezea ez da erromatarren orrazkera konplexuen modetatik urruntzen den ikur nazional baten adierazgarri, bai ordea guztiz biluzik ageri den Afroditaren adats bustien irudi soilaren adierazgarri. Oso litekeena da Muniguaren eskultura hori Italicako Afrodita bikainaren tokiko estiloaren araberako bertsio bat izatea; beraz, Adrianok bere jaioterria edertzeko xedean zeuzkan enpresetan sortutako eredu horrek oihartzuna izan zuen gertuko inguruetan, eta marmolezko obretan kopiatu zuten. Gure brontze txikiko adatsek ez dute osagarririk, eta adatsei forma ematen dieten ildaxka irregularrek orraztu gabeko buru baten ordenarik eza adierazi lezakete.

Faktore batzuek gure bildumako Afrodita Anadiomeneren brontzearen eta Italicako prototipoaren arteko erlazio ikonografikoa sendotu egiten dute, esate baterako, burua apur bat eskuineko aldera biratuta izateak eta aldakan jarrita duen ezkerreko eskuarekin eusten dion mantuaren tolesen antzekotasun formalak; izan ere, Italicako eskulturan ere leku berean eusten dio irudiak hosto bati , eta beraz, baliteke brontzea landu zuen egileak okerreko interpretazio bat egin izana. Eskultura honetan ezkerreko eskua izterraren gainean du itxita, ez dio mantuari eskuaz eusten, besaurreaz baizik, eta hortik ondorioztatzen dugu jatorrizko obran ezkerreko eskuak objekturen bati eutsiko ziolako ideia, agian Afroditak haizemaile gisa erabiltzen zuen hostoari. Eskuineko besoa aurrerantz luzatuta duenez (Afroditaren begirada beso mutur galdurantz jarrita du), bere burua ikusteko ispilu bati helduko zion, eta beraz, bainuari atxikiriko irudien ikonografiaren beste alderdi baten egokitzapena izan daiteke, jainkosaren nortasunaren bereizgarri garrantzitsuenetan sakontzeko ere balio dezakeen moldaketa, alegia.

Ezin kasualitatetzat har daiteke era berean Italican aurkitu izana Afroditaren jaiotza irudikatzen duen mosaiko bat. Haren zentzu kosmogonikoa ulertzeko beharrezko ñabardura guztiak dauzka, irudi horretan Urano eta Kronos baitira zeruan nagusi, eta jainkosak Eros gazte bat du lagun, ezin bere seme txikiarekin identifikatu daitekeena, baizik eta maitasun grina helarazi zien izaki bizidun guztien aurrekari Erosekin. Mosaiko horretan maskor handi baten aurrean ageri zaigu Afrodita, eskuinetara du bideratuta begirada, hemen aztergai dugun brontzean bezala. Gisa honetako mosaikoak ia soilik Afrika iparraldean landu zituzten, siriar aurrekarietatik eratorriak dira, bi korronteek ekialdeko erlijioan partekatzen dituztela sustraiak, itxura batean Italicako Anadiomeneren eta haren aurrekari cadiztarraren gibelaldean dauden aurrekari feniziarren antzera.

Gure bildumako pieza Italicako Afrodita Anadiomeneren brontzezko erreplika bakarra da, oraingoz bederen. Segur asko Andaluziako tailerren batean landua da, gorago aipatu ditugunak alde batera utzirik ez baita beste bertsiorik ezagutzen. Hala balitz, Caballero Infanteren bildumatik etorria izan liteke, sevillar jakintsu horrek bildutako brontzezko eskultura sorta XIX. mendean antigoaleko objektuen merkatura iritsi zirenen artean garrantzitsuena izan baitzen. Merkatu horretatik Manuel Taramonaren eskuetara iritsiko zen honakoa, beste batzuk madrildar bildumagile batzuek eskuratuko baitzituzten eta beste batzuk Kataluniako Arkeologia Museora iritsi baitziren. Gure pieza bakarra da bilduman itsas konkrezio txiki bat itsatsita kontserbatzen, eta beraz, jatorria kostaldean behar duela ondorioztatu liteke, Cadizen bertan, urrutira gabe. (Ramón Corzo Sánchez, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 86-92, n° 1.