Bilduma online eta irudien salmenta
1882 / Euzkadi-gaizkatzaliaren oldozpena / loratu zan etxerantz … / … Buru-gain Jel-Ikuriña egazka / 1932 / Dia de la Patria – Aberi eguna …
Martínez Ortiz de Zárate, Nicolás
Bilbao, 1907/02/03-Madril, 1990/12/22
Koloretako litografia paperean
33,3 x 24,3 cm
Martinez Ortiz
1932
94/11
1994an eskuratua
1932ko Aberri Eguneko ekitaldi garrantzitsuenetako batean inaugurazio ofiziala egin zioten Sabino Aranaren (1865-1903) jaiotetxeari, herritarren artean Sabin Etxea esaten ziotenari. Euskal abertzaletasunaren gune nagusi bihurtu zen Bigarren Errepublikan zehar. 1857an altxatutako eraikin sinboliko hori Bilboko Ibañez kaleko 10. zenbakian egon zen, garai hartan egun bezala Bilboko udalerrian ez baizik eta Abandokoan zegoen orube batean. Han jaio eta bizi izan zen bere haurtzaroan eta gaztaroaren zati handi batean euskal abertzaletasunaren aitatzat hartutakoa. Baina 1899an Arana familiarena izateari utzi zion etxe honek, ordutik aurrera beste jabe batzuk izango zituen. Horrenbestez, hogeita hamargarren urteen hasieran, Chavarri Zuazo familiarena zen eraikina erosi zuen Euzko Alderdi jeltzaleak, eta bertan berritze eta egokitzapen lan batzuk egin eta gero, ofizialki inauguratu ahal izan zuten 1932ko martxoaren 27an.
Hain zuzen ere gertaera horretan oinarritu zen Nicolas Martínez Ortiz 1932ko Aberri Eguna iragartzeko xedean landu zituen hiru afixetako bat lantzeko. Bertan EAJ alderdiaren fundatzailearen jaiotetxe egun desagertuaren aurrean bildutako jendetza ikus dezakegu. Garaiko prentsan argitaratutako kroniken arabera, jendetza hori ikusmin handiz bildu zen Arana anaien omenezko plaka aurkezteko ekitaldian. Plaka hori Luciano Quintanak ("Nik") proiektatu zuen, eta alegoriazko egitarauarekin batean honako inskripzio hau iraku zitekeen: [...]1882 garen urtiaren goiz bat zuala... Bendito el día en el que conocí a mi PATRIA y eterna gratitud a quien me sacó de las tinieblas extrajeristas... [...], abertzaletasunaren egia ikusarazteagatik Sabino Aranak anaia Luisi emandako esker onari zuzeneko erreferentzia eginez.
Afixa honetan Martínez Ortizek EAJ alderdiaren fundatzaileri egindako omenaldiaren zati txiki bat irudikatzeko hautua egin bazuen ere, Sabin Etxea sinbolikoki berreskuratzeaz gain izan ziren bestelako ekitaldiak, esate baterako, haurrentzako eta helduentzako antzezlanak, desfileak, erromeriak eta elizkizunak. Ekitaldi horiek eta beste batzuk Pazko larunbatean, Pizkunde igandean eta Pazko astelehenean egin ziren. Aranaren jaiotetxearekin lotutako lehen ekitaldietako bat izan zen haurrek Campos Eliseos Antzokitik Albiako Lorategietaraino egindako desfilea. Eszena hori baliatu zuten Aberri Eguna aldizkarian ageri diren ilustrazioetako batean motibo gisa; aldizkari horretan besteak beste Martínez Ortiz, Nik, eta José María de Asúa Pisarrin ziren irudigileak. Desfile hori biharamunean izan zen manifestazio jendetsuaren atarikoa izan zen; manifestazioa Sabino Arana Etorbidetik abiatu, eta On Diego Lopez Haroko kale nagusian barrena Sabin Etxearen parean amaitu zen, une hori jasotzen du afixak.
Hainbat plano bereizten dira Martínez Ortizen konposizioan, elementuek karga sinboliko eta politiko handia dute berez. Hondoan, Sabino Aranaren jaiotetxearen fisonomia ikus dezakegu. Erdiko planoan, eraikinari begira dago jendetza, eta lehen planoan dantzari bat belauniko eta neska bat ikurrinari heltzen. Txistua eta danbolina jotzen ari den ondoko txistulariak rol interesgarria jokatzen du, ez baitugu ahaztu behar jaiak girotzeaz gain protokolo ekitaldietan ere parte hartzen dutela txistulariek, Euskal Herrian oso zabalduta baitzeuden eta baitaude txistuz lagundutako dantzak, esate baterako, aurresku bera.
Martínez Ortizek 1932ko Aberri Eguna iragartzeko xedean landu zituen beste afixetan bezala, kolore sorta nagusia bat dator afixa honetan ageri den ikurrinaren koloreekin. Gorria eta zuria gizonaren eta emakumearen jantzi tipikoen berezko koloreetan daude justifikatuta, baina ez du berdin jokatu berdearekin, zerua irudikatzeko erabili baitu kolore hori. Bestalde, bi elementuk bazik ez dute urratzen kolore sinboliko horien erabilera. Sabino Aranaren jaiotetxea da lehenengoa eta omenaldira bildu den jendetza da bigarrena. Bildutako jendetzaren irudiari dagokionez, harrigarria da Nicolas Martínez Ortizek jende andana irudikatzeko eraren eta hamarka urte geroago Agustin Ibarrola artistak (1930) bere obra grafikoan landuko zuen mintzairaren artean dagoen antzekotasuna.
Azkenik, afixa honetako leloaren eta eduki grafikoaren arteko bat etortzea erabatekoa dela azpimarratu behar dugu, halaxe baitio testuak hitzez hitz: [...]Euzkadi-gaizkatzaliaren oldozpena loratu zan etxerantz... Buru-gain Jel-Ikurriña egazka [...]. Esaldi hori guztiz bat dator Aranaren ideien oinarrizko postulatu batzuekin, esate baterako, Euskal Herria zuzenbidez zegozkion askatasun batzuk gabeturik gertatutako nazio gatibua zelako ikuspegiarekin. (Mikel Bilbao)
Bibliografia hautatuta
- Arte grafikoak Euskadin eta Katalunian, 1888-1936 = Las artes gráficas en Euskadi y Cataluña, 1888-1936 [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren = Gobierno Vasco, 1988. p. 44.
- Nicolás Martínez Ortiz, 1907-1991 [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007.
- Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 312-313, n° cat. 106.
- Bilbao Salsidua, Mikel. "Arte y propaganda en el Bilbao de los años 30 : una mirada a través del cartel político y bélico", Bidebarrieta : revista de humanidades y ciencias sociales de Bilbao, n° 24. 2013. pp. 67-68.
- Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 256, 258, n° cat. 122.