Berriak
24-05-24

Arte Ederren Bilboko Museoa-Gondra Barandiaran Fundazioa bekak 2024-2025
2014az geroztik, Gondra Barandiaran Fundazioak eta museoak ikerketa eta prestakuntza museografikoan laguntzeko helburu komuna dute, bi ekimenen bidez.
Batetik, udako ikastaro bat antolatzen da urtero. Aurtengoa bosgarren edizioa da, eta museografia garaikidearen erronken eta lorpenen azterketa sakonenaren erreferente bihurtu da. Horretarako, hainbat diziplinatako profesional entzutetsuek parte hartzen dute; gehienak, tokiko eta nazioarteko erakunde ospetsuetakoak. Bestetik, prestakuntza-beken programa bat abiarazten da urtero, eskatutako profil bakoitzarekin lotutako titulazioa duten gazteentzat. Bederatzi hilabetean zehar, eskaintzen diren zazpi bekek museoaren zenbait kudeaketa-arlotan ezagutzak eta gaitasunak garatzeko aukera ematen dute.
Aurtengo maiatzaren 24tik ekainaren 16ra zabalik dago Arte Ederren Bilboko Museoa-Gondra Barandiaran Fundazioa prestakuntza-bekak 2024-2025 Programaren deialdia, zeinak zazpi prestakuntza-beka ematen dizkien museoan beren ezaupideak zabaldu nahi dituzten gazteei.
Bederatzi hilabeteko iraupena –2024ko urritik aurrera– eta hileko 500 euro gordineko zuzkidura ekonomikoa duen beka horren bidez, hautatutako pertsonek gaitasun berriak eskuratu ahal izango dituzte beren prestakuntza-etaparekin bat etorriz, museoen kudeaketako hainbat arlotako profesionalen tutoretzapean.
Prestakuntza-profilen arabera, bekek lan-testuingurua ezagutzeko aukera ematen dute lan-ildo hauen barruan:
- Artxiboa eta Dokumentazioa
- Liburutegia
- Kuratoriala
- Edizioa
- Hezkuntza
- Erregistroa eta Erakusketak
- Zerbitzu Orokorrak
Emandako zazpi beketako bat lortzen dutenek curriculuma aberastuko dute, ezaupideak eguneratuko dituzte eta gaitasun berriak eskuratuko dituzte. Aldi berean, eta elkarrekikotasun harreman batean, ekimen honek museoko taldea aberasten du; izan ere, Gondra Barandiaran Fundazioaren hezkuntza-misioa berresten duen programa honen hamar edizioetan laurogei bekadun inguru jaso ditu.
Deialdia irekita 2024ko ekainaren 16ra arte
- Info gehiago hemen (pdf)
- Izen-emateak hemen