Berriak
01-10-12
Arkitektura modernoa
Documomo fundazioak museoaren eraikin modernoa aukeratu du
Museoaren arkitektura saritu dute beste behin ere.
Urriaren 1ean, Arkitekturaren Munduko Egunarekin bat eginez, Docomomo Fundazioak (Mugimendu Modernoaren Dokumentaziorako eta Kontserbaziorako Fundazioa) emandako plaka bat jarri da, Bilboko Arte Ederren Museoaren eraikin modernoaren garrantzia nabarmentzeko.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzaren Zuzendaritza Batzordeak Bilboko Arte Ederren Museoko eraikina –Álvaro Líbano eta Ricardo Beascoa arkitektoek 1963an pentsatutako lehen handitzea– aukeratu du, Docomomo Ibérico Fundazioaren industria, etxebizitza eta ekipamenduen erregistroan agertu behar direnen artean. Aipatutako fundazioa mugimendu modernoaren arkitektura-ondarea inbentariatu, zabaldu eta babesteko asmoz 1990ean sortutako nazioarteko erakundearen parte da.
Balio arkitektonikoa azpimarratzen duten beste bi plaka jarri dira Bilbon; izan ere, La Equitativa eraikinak eta Ingeniaritza Eskolak ere saria jaso dute.
Museoaren arkitekturak profesionalen interesa piztu izan du aurretik ere. 1962an, estilo neoklasikoko antzinako eraikina Monumentu Historiko izendatu zuten. 2003an, Bilboko Arte Ederren Museoa osatzen duten bi eraikinen zaharberritze eta handitzeak, Luis Mª Uriarte arkitektoak zuzendutakoak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren ex aequo saria jaso zuen, zaharberritzearen modalitatean.