Berriak
04-04-22

Argitalpen digitala
12. buletina Luis Paret Bilbon
Eleiz-Museoa Bizkaiaren lankidetzarekin
Buletina Bilboko Arte Ederren Museoaren argitalpen zientifikoa da; haren helburuak dira, batetik, museoko bildumaren edo artearen historiako gertakizun garrantzitsuen azterlanetan sakontzea, eta, bestetik, ezagutza zabaltzea, batez ere komunitate zientifikoaren artean. Gainera, argitalpen horrek prestigio-adierazle bat gehitzen dio museoari, buletinaren izaera zientifikoaren, bertan parte hartzen dutenen garrantziaren eta edukiaren edizio zainduaren bitartez.
Orain, 12. buletina. Luis Paret Bilbon aurkeztuko da; soilik euskarri digitalean argitaratu den bigarrena da. Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu da, bi edizio bereizitan, eta libre eta dohainik eskuratu eta deskarga daiteke, museoaren webgunetik. Zenbaki honetan, uztailaren 14, 15 eta 16an museoaren auditoriumean eman ziren 10 hitzaldi daude jasota. Hitzaldiak Luis Paret Bilbon. Arte sakratua eta profanoa, gure museoan eta Bilboko Eleiz Museoan, 2021eko maiatzaren 9tik urriaren 17ra egin zen erakusketaren karietaraantolatu ziren arte jardunaldien barruan eman ziren. Jardunaldi horietan, hainbat diziplinatako adituek –arte aplikatuak, arkitektura, soziologia, etab.– margolariak Bilbo ilustratuaren eraikuntzan egindako ekarpenari buruzko panorama zabala marraztu zuten. Horrela, Buletin honek margolariaren biografian, obran eta teknikan sakontzen du, bai eta hiribilduan egon zenean topatu zuen testuinguru artistikoan ere.
María Jesús Cava Mesa, Raquel Cilla López, Javier González de Durana, Amelia Leira Sánchez, Alejandro Martínez, Manuela B. Mena Marqués, José Luis Merino Gorospe, Javier Novo González, Aingeru Zabala Uriarte eta Julen Zorrozua Santistebanen ekarpenak jasota gelditu dira, eta Luis Paret margolariari buruzko erreferentziazko azterlanei gehitu zaie.