Jarduerak
![](https://bilbaomuseoa.eus/media/2023/06/csonoro5-1-scaled.jpg)
Soinu kanala. Bilbao Museoaren podcastak
30-30-30
Ramón Esparza eta María Azkaraterekin solasean
"Corinne Vionnet, Vanessa Winship, María Azkarate. Bilbao Metropoli 30-30-30" erakusketaren ildoan, komisarioaren eta erakusketaren argazkilarietako baten arteko elkarrizketa honetan, azken hiru hamarkadetan Bilbok izan dituen aldaketak jorratzen dira, balio bereizgarritzat hartuta emakumezko hiru artistaren begirada.
Data:
2023-06-15
Hizkuntza:
Gaztelania
Lekua:
Webgunea. Multimedia proiektua
Norentzat:
Arrunta
- Digitalak & Multimedia
Bilbao Metropoli-30 Bilbao Metropolitarra Birbizteko Elkartearen enkargutik sortu da proiektua, eta itsasadarraren hiri-ardatzaren eta bertako biztanleen fisonomia irudikatzeko duela 30 urte elkarteak berak bultzatu zuen ekimena berrargitaratzen du. Orduko hartan, eta orain bezala, Ramón Esparzaren komisariotzarekin (Komunikazio Zientzietan doktorea, arte kritikaria eta argazkigintzan aditua), nazioarteko sei argazkilari gonbidatu zituzten –Gabriele Basilico, John Vink, Bruce Gilden, Carlos Canovas, John Davies eta Carlos de Andrés–, eta haien lana 86 argazkitan gauzatu zen. Argazki horiek liburu batean erreproduzitu eta zenbait egoitzatan erakutsi ziren 1993an, Ría de Hierro izenarekin.Multzoa museoari eman zitzaion 1997an.
Orduan, gizonen begirada gelditu egin zen industria- eta ekonomia-loraldiko garai baten amaiera kritikoaren paisaia hiritar eta gizatiarrean, baita desagertzear zegoen Bilboko iruditeriaren ikonoetan ere: meatze-ustiapenak, trenbideak, portu-instalazioak, labe garaiak, garabiak, pabiloiak eta fabrikak, ontziolak eta gabarrak, burdinurtuaren isurketen kea, beti zuri-beltzean eta, artean, kamera analogikoarekin.
Oraingo honetan, eta hiri-berrikuntzako eragile nagusietako baten laguntzarekin, Metro Bilbaorekin, hiru argazkilari dira mission photographique haren espirituari berriro heltzen diotenak, azken hogeita hamar urteetan lurralde berean izandako aldaketak islatzeko. Hiri- eta giza paisaiei gehitu behar zaie orain –Esparzak proiektuarekin batera doan liburuan azaltzen duen bezala–, “hirugarren paisaia”, industria-aurriaren eta eszenatokiaren alderdi estetiko gisa duen potentzialtasunaren onarpenarena.
![](https://bilbaomuseoa.eus/media/2023/05/POSTAL.webp)
![](https://bilbaomuseoa.eus/media/2023/06/resparza.jpg)
Ramón Esparza
Erakusketaren komisarioa
Ikertzailea eta UPV/EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle titularra (erretiratua)
![](https://bilbaomuseoa.eus/media/2023/06/POSTALES-5.jpg)
María Azkarate (Gasteiz, 1977)
Arkitektura ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, Hirigintzaren espezialitatean. Bi urtez esparru horretan lan egin ondoren, argazkilaritza deskubritu zuen adierazpide gisa, eta autoikaskuntza prozesu bati ekin zion. Prozesu horretan, kontaktua eduki zuen, besteak beste, Carlos Cánovas, Paco Polán, Jon Cazenave, Awoiska van der Molen, Federico Clavarino eta David Jiménez argazkilariekin. 2017an arkitekturako argazkilari gisa hasi zen lanean, alor horretako estudioen eta enpresen proiektuen komunikazioan laguntzeko; aldi berean, hiriari eta espazio arkitektonikoari buruzko lan pertsonalagoak egin zituen. Gaur egun gai horiek dira bere jardueraren ardatza. Azkaratek kamera erabiltzen du, zeinak erdigunean fokalizatutako ikuspegi bat eratzen baitu beti, guztiz kontrakoa ikertzeko, hau da, ertzetan dagoena ikertzeko. Planteamendu horren eraginez (hiri espaziora eramanik), arretagune diren eraikin enblematiko edo ikusgarrietatik ihes egiten du, eta arkitekto eta hirigileek eraikitako eszenatokien ertzetara joaten da.
Udalerri guztietan dago “hiri antolamendua” izeneko esparru administratiboa, espazioan egin daitekeenaren mugak antolatzeaz eta ezartzeaz arduratzen dena. Azkarateren lanak ez ditu hirigintzaren alorreko gehiegikeriak bilatzen, baina ordena horretatik kanpo dauden osagai horiez elikatzen da, hala nola lauzen artean sortzen den belar izpi huts bat edo urbanizatu gabe gelditzen den lursaila, eraikin errenkada baten harmonia hautsiz. Balioen alderantzikatze horrek irudien konposizioan du lehenengo adierazpena: atzera eramaten du fokua izan beharko lukeena eta hutsik uzten du lehen planoa. Aldaketa huts horren bitartez, argazkiek talka bisual nabarmena eragiten dute, eta oso bide iradokitzailea zabaltzen diote ikusleari.