Berriak
29-05-18
Alicia Koplowitzen Dohaintza
Alicia Koplowitz bildumagileak Luis Paret y Alcázar (Madril, 1746-1799) margolariaren pintura bat eman dio dohaintzan Bilboko Arte Ederren Museoari. 110 Urte, 110 Artelan erakusketaren barruan aurkeztuko da jendaurrean, museoaren historian barrena dohaintzekin bilduma eratzeko eta garatzeko ekarpena egin duten emaileen eskuzabaltasunari eta espiritu filantropikoari omenaldi egiteko.
Dohaintza honekin, museoak areago zabalduko du artista honetaz duen ordezkaritza bikaina, hemendik aurrera zortzi pintura izango baititu: Jainkozko artzaina (1782), Bermeoko ikuspegia ( 1783), Amodioa garaile Gerraren aurrean (bi luneta pendant–en) (1784), Bilboko Areatzaren ikuspegia (1783-1784), Baserritarren eszena (zatia) (1786), Hondarribiko ikuspegia (zatia) (1786) eta Ama Birjina haurrarekin eta Santiago Handia (1786).
Pareten katalogoak museoko bilduman artelanak sartzeko dauden era ugariak islatzen ditu: Bilboko Udalaren sorrerako ekarpenak (Jainkozko artzaina eta Ama Birjina haurrarekin eta Santiago Handia 1913), museoak egindako erosketak (Hondarribiko ikuspegia, 1986, eta Amodioaren garaile Gerraren aurrean, 1999), dohaintzak (Baserritarren eszena, Plácido Arango jaunak 1996an egina –zorionez, konposizioaren beste zati batekin elkartuta, Hondarribiko ikuspegia– eta orain aurkeztuko duguna), BBVAk dohaintzan eman eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskuratutakoa (Bilboko Areatzaren ikuspegia, 1996), eta BBKren babesaz eta Museoaren lagunek egindako ekarpenez egindako erosketak (Bermeoko ikuspegia, 2017).
Amodioa garaile Gerraren aurrean (1784)
1779. eta 1789. urteen artean, Luis Paret y Alcázarrek Bilbon bizi izan zen, Carlos III.a erregeak agindutako erbestealdiaren zati bat betetze aldera. Hark zigor hori ezarri zion, monarkaren seme gazteena zen Luis de Borbon infantearen bizimodu lizunarekin elkar hartzeagatik. Denboraldi horretan, helduaroko artelanak egin zituen, besteak beste, erlijiozko aginduak, konposizio alegorikoak eta Kantauri itsasoko portuetako paisaien seriea, Museoak iazko abenduan erosi zuen Bermeoko ikuspegia (1783) lanarekin hasi, eta Carlos III.ak egindako enkarguari esker 1786tik aurrera jarraipena izan zuena.
Aldi horretan egin zuen Amodioaren garaipena gerraren gainetik artelana, orain dohaintza gisa museoko bilduman sartu, eta izenburu eta ezaugarri bereko beste artelan batekin batuko dena. Biak ala biak Ingalaterrako bilduma pribatu batekoak izan ziren. Museoan lehenik sartu zena 90eko hamarkadaren amaieran merkaturatu zen, eta orduantxe egin zen erosketa. Bigarrena 2017an atera zen merkatuan, eta orain Alicia Koplowitzek eman du dohaintzan. Gorabehera horien ondoren, bi lunetak elkarrekin egongo dira azkenik, bi hamarkada banaturik igaro ondoren, "museoen munduan batere ohikoak ez diren zorioneko halabehar horietako baten ondorioz", museoak dohaintza dela-eta argitaratu duen liburuan Manuela Menak azaltzen duen gisan.
Bi mihiseak pintorearen ekoizpeneko jatorrizko lanak dira, formatuei eta neurriei erreparatuta ‒bi puntu erdi, gutxi gorabehera 81 x 160 zentrimetokoak‒, tamaina txikikoak diren astoren gaineko pinturetatik oso aldenduta. Museoko Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak garbitze-lanak egin ditu orain dela gutxi, eta, horrela, kolore griseko zerrenda bat atera da argitara, artelanen perimetro osoa zeharkatzen duen antzinako zaharberritze-lan batean gaineratua. Hortaz, beharbada lunetak jatorrizko muntaketatik bereiztean gaineratuko zuten; izan ere, itxura guztien arabera, gela bateko pareta batean sartuta egon ziren, urre koloreko motiboz atondutako estuko zuriko marko batzuetan, XVIII. mendeko gustuei jarraiki.
Pintatzeko teknika ere ez da artistak berak egindako rokoko estiloko tamaina txikiko koadroek dutenaren gisakoa, horietan pintzelkada fina eta gardena baita, xehetasunei arreta gehiagoz erreparatzeko modukoa. Lan honetan, berriz, Paret aske eta indartsuago agertzen da, ziurrena, lunetak goialdean jartzeko asmoz sortu zituztelako, aurrez aurre paratu eta behetik gorako ikuspegian begiesteko. Tonalitate eta baliabide berberak erabili zituen bietan ‒esaterako, bolumenak trazu txikien bidez modelatzea‒, eta, beraz, argi dago aldi berean egin zituela, esparru bererako, eta, hortaz, programa ikonografiko osagarri batez. Gai aldetik, bi konposizioetan haur biluziak agertzen dira, lorezko girlandez inguratuta, elkarrekin harremanetan jartzeko ekintzekin hasteko unean: eskuinekoak usoa askatuko zuen, usoak ezkerrean kokatutako lunetan lo datzan haurrarengana egingo luke "hegan", hori esnatu, eta hiru arrosak hariztatua dituen gezia "botako" luke. Lehenengo haurraren azalaren kolorea eta jarrera -itxurosoagoa- ikusita, Venus neskatoaren irudikapen bat izan zitekeela uste izan da, ereinotz-koroa baitarama, Amodioak Marteren aurrean izandako garaipenaren sinbolo gisa, beste lunetako haurrak horixe irudikatuko bailuke.
Lehen aipatu dugun liburuan Manuela Menak dioenez, beharbada hiribilduko pertsona gailen edo merkatari baten enkargua izango ziren bi artelanak, eta, gaia ikusita, ezkongela baten dekorazioa eratuko zuten.
|
---|
|
|