Berriak
27-03-17
Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma
Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma –inoiz erakutsi gabea, orain Parisko Musée Jacquemart-André museoan 53 artelanez osatutako erakusketa antolatu den arte– Bilboko Arte Ederren Museoan jarriko da ikusgai, espainiar Estatuan lehen aldiz aurkeztua izateko. Zehazki, erakusketak 90 pieza inguru izango ditu. Inaugurazioa museoan bertan izango da, uztaileko azken hamabostaldian.
Alicia Koplowitzek Europako bilduma artistikorik esanguratsuenetakoa osatu du azken hamarkadetan. Erakusketak XVI. mendetik hasi eta XX. mendera arteko 90 margolan bilduko ditu, eta, horiez gain, baita Antzinaro klasikoko eskulturak eta eskultura garaikideak, eta hainbat garaitako marrazkiak ere. Hain zuzen ere, iraganari eta orainari jarritako arreta bikoitz hori da erakusketaren berezitasunetako bat. Artelan-kopuruaren dentsitaterik handiena XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko obretan dago. Erakusketaren beste ezaugarrietako bat da izaera kosmopolita duela; izan ere, artista espainiarren zein atzerritarren gaineko arreta jartzen du. Interes horiei esker, erakusketak artista-zerrenda izugarria izango du, eta horietako batzuk erabat ezohikoak dira Espainiako bilduma pribatuen kasuan.
XVI. eta XVII. mendeetako eskola espainiarreko maisuen artean, Pantoja de la Cruz, Morales, Zurbarán eta Arellano nabarmendu behar dira. XVIII. mendean, protagonismo nagusia Goyaren talentuak eta haren garaikide izandako Camarón, Esteve edota Paretek hartzen dute. Mende horretan bertan, eskola italiarra Guardi, Canaletto eta Tiepolotarrak, besteak beste eta frantziarra Hubert Robert ere presente daude. XIX. mende espainiarrari dagokionez, Raimundo de Madrazoren lanak erakutsiko dira. Postinpresionismo frantziarra oso goi-mailan egongo da ordezkatuta, Van Gogh, Gauguin eta Toulouse-Lautrecen lanekin.
XX. mendekoen artean, nabarmentzeko modukoak dira Picasso, Juan Gris, Antonio López, Millares, Tápies eta Barcelóren obrak, arte espainiarrari dagokionez; eta Mondrian, Modigliani, Schiele, Van Dongen, Willem de Kooning, Mark Rothko, Cy Twombly, Lucian Freud, Lucio Fontana edota Anselm Kieferrenak, nazioarteko testuinguruan. Obra garaikideen atala osatzeko, Gargallo, Julio González, Miró, Oteiza, Chillida, Calder, David Smith, Giacometti, Louise Bourgeois edota Donald Judden eskulturak egongo dira ikusgai.