Agravitas
[ 2022-11-17 ]
Lehenengo harria jartzeko ekitaldi instituzionala
Gaur, museoaren kanpoaldean, Artetxe Kondearen zumarkaleko kristalezko fatxadaren ondoan egin den ekitaldian, honako hauek parte hartu dute: Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Bilboko Udaleko alkate Juan Mari Aburtok, BBK Banku Fundazioko presidente Xabier Sagredok, proiektuko arkitektoak diren Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek, museoaren zuzendari Miguel Zugazak, eta Museoaren Lagunen kolektiboaren ordezkariak diren Carmen López Niclósek eta Rut Salaverrik.
Denboraren kapsula egunkariekin, txanponekin eta obraren hasierarako azken izapidea formalizatzen duen zuinketa-aktaren kopia batekin lurperatu ondoren, hasiera eman zaio esku hartzeko txandari, Chillida hallean. Fosterrek eta Uriartek eman diote amaiera ekitaldiari, obraren hasiera sinbolizatzen duten eta museoaren diseinu industrialaren bilduman gordeko diren paletako bat sinatuz —Gipuzkoako ehun urteko Bellota tresna-markakoa—.
Ekitaldia museoaren eta BBK Banku Fundazioko patronatuek babestu dute, baita gizarte zibileko eta kulturaren munduko ordezkaritza batek eta proiektuan parte hartzen duten estudio eta enpresek eta museoko lantaldeak ere.
Jarraian, museoaren zuzendari Miguel Zugazak ongietorria eman die bertaratutakoei, Xabier Sagredoren hitzaldia aurkeztu aurretik. Sagredok adierazi duenez, gertaera garrantzitsu berri honekin, bi instituzioek elkarrekin jardunez emandako bost hamarkada berrituko dituzte, bultzada berria emango baitiote BBK Museoa gunean. 2.000 metro karratu baino gehiago izango dituen guneak erakusketen eta jarduera publikoen programa bizia eskainiko du. Bestalde, gogoratu du proiektua gauzatzeko beharko diren 22 hilabeteetan museoa irekita egongo dela ia beti, eta BBKateak formatu dinamikoaren arabera erakutsiko dela bilduma, artearen historiako hainbat alditako artisten arteko topaketekin.
Bestetik, Juan Mari Aburtok nabarmendu du eraldaketa arkitektoniko erabakigarri honen ibilbide-orria 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zela (plan hori 2018an onartu zuen museoaren Patronatuak), eta hori lortzeko lehen urratsa Arte Ederren Bilboko Museoa Handitzeko eta Eraberritzeko proiektuen nazioarteko lehiaketaren deialdia izan zela, 2019. urtearen hasierakoa. Alkateak Norman Fosterren talentua Bilbon berriz izateko aukera bikaina nabarmendu du, Luis María Uriarteren lanarekin batera, protagonismo liluragarria eta berria eskaintzen baitio Estatuko arte-museorik beteranoenetako eta garrantzitsuenetako bati. Halaber, baloratu du proiektua idatzi duen taldearen eta udaleko hainbat arloren arteko lankidetza handia, hobekuntza garrantzitsuak egin baitituzte, esaterako, dauden eraikinak babes zibileko egungo arauetara egokitzea.
Horretarako prestatutako ikus-entzunezko baten bidez, proiektua diseinatzeko prozesu bizia grafikoki laburbildu ahal izan da, Fosterrek eta Uriartek proposatutako lehen marrazki eta ideiekin hasi eta obraren eraikuntza-prozesuaren azken definiziora arte. Empresa constructora Urbelan S.A. + Altuna y Uria S.A. + Campezo Obras y Servicios, S.A. eta Teusa Técnicas de Restauración S.A. enpresek eratutako Obra Ampliación Bellas Artes ABEEari esleitu zitzaion obra irailaren 9an, 33.944.603,87 €-ko aurrekontuarekin.
Gaurko ekitaldiarekin, museoak amaiera eman die handitzeko prestatze-lanei, zeinak, Bingen Zupiriak adierazi duen bezala, “aro berria ireki baitu gure instituzioarentzat, baina are garrantzi handiagoa du, gure arte-sistemako instituzio dekanoetako baten bilakaera azpimarratzen baitu, eta, horrela, haren iraunaldia berresteaz gain, instituzioek kulturaren ahalmen eraldatzaileari ematen dioten laguntza eta herrialdeari egiten dioten ekarpen baliotsua indartzen ditu”.
Jarraian, Artearen Historiako katedradun eta museoko aholku-batzordeko kide Maite Paliza Monduatek azpimarratu du “Fosterrek espazio ikonikoak eratzeko duen gaitasun kontrastatua, aurretiko higiezinetan, museo batzuetan ere bai, zabaltzeko eta esku hartzeko proiektuetan, agerian geratuko dela Bilboko obra honetan. Uste dut bisitariei harrera egiteko hall berria, Durrioren Arriagaren Monumentuaren inguruan ardaztua, Bilboko gune bereizgarrietako bat izango dela”.
Amaitzeko, Norman Foster-ek honako hau nabarmendu du: “Biziki pozten gaitu iraganeko kultura-ondarea etorkizuneko museoarekin lotuko duen proiektu baten sorrera ospatzeak. Arriaga atariko topagune berritik galeria berri eta zabaletara joango da bisitaria, eta, azkenean, museoaren kokapena ezohikoa ospatzen duen kanpoko terraza ezagutuko du. Luis María Uriarterekin eta museoko taldearekin dugun lankidetza estuaren emaitza errealitate bihurtzear dago. Eskerrak eman nahi dizkiet Bizkaiko ahaldun nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Bilboko Udaleko alkateari eta BBK Banku Fundazioko presidenteari, arteak hiriaren bizitzan duen zeregin eraldatzailean sinesteagatik”.
Handitze-proiektuko gertaera garrantzitsu nagusien laburpena:
Eraldaketa arkitektoniko erabakigarri honen ibilbide-orria Patronatuak 2018ko abenduaren 11n onartutako 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zen. 2019ko otsailaren 11n Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektuen nazioarteko lehiaketaren deialdia izan zen hori lortzeko lehen urratsa. Lehiaketaren finantziazioa BBKrena izan zen, Museoaren ohorezko patroia eta aliatu leiala izan baita arestiko historiako une erabakigarrienetan.
Lehen fasean onartutako 57 taldeetatik, epaimahaiak sei finalistak hautatu zituen 2019ko apirilaren 8an; eta, azkenik, uztailaren 23an eman zen ezagutzera Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztutako Agravitas izeneko proiektuaren alde emandako epaia. Aho batez hartutako irizpenak honela laburbiltzen ditu proiektuaren indarguneak: “Teknologikoa bere irudian, humanistikoa bere ikuspegian eta ekologikoa bere jasangarritasunean, proposamenak kalitate arkitektonikoa, hiri-sentsibilitatea eta erantzukizun soziala uztartzen ditu, Bilboren erdigune historikoan mugarri argitsu eta arin bat altxatzeko.
Proiektu irabazlea eta finalistak ikusgai egon ziren Museoko BBK aretoan uztailaren 29tik urriaren 6ra bitartean. Urte bereko abenduan, Fosterrek proiektuaren idazketaren aurrerapena eta ideia gidaria aurkeztu zituen prentsaurrekoan: 1945eko eraikinaren protagonismoa berreskuratzea, jatorrizko sarrera berriz ezarriz, eta dimentsio bakarreko espazio bat proiektatzea, 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean errespetuz finkatua. Esku-hartzeak, gainera, Arriagaren Monumentuaren plaza bihurtzen du museoaren ardatz egituratzailearen bihotz berri.
2022ko martxoaren 31n, museoak obra egiteko lizitazioa argitaratu zuen Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataforman –egungo egoeraren ondorioz, berregin egin behar izan zen–. Aurtengo irailaren 9an, Empresa constructora Urbelan S.A.+Altuna y Uria S.A.+ Campezo Obras y Servicios, S.A. eta Teusa Técnicas de Restauración S.A. enpresek eratutako Ampliación Bellas Artes ABEEari esleitu zitzaion.
Zuinketa egiaztatzeko akta hilaren 8an egin zen, eta beharrezko izapidea obrak egiten hasteko.
[ 2022-03-30 ]
Museoa irekita. Handitzeko lanen plana
Museoa handitzeko lanen planari jarraikiz, jarduera publiko guztia eraikin zaharrera mugituko da; zabalik egongo da lanak egiten diren bitarte ia guztian, erakusketa-proposamenak eta horiekin lotutako jarduerak egin ahal izateko. Bilduma BBKateak formatu dinamikoan erakutsiko da, eta areto bakoitzean bi artistaren arteko topaketa harrigarriak sustatuko dira. Aldian-aldian, muntaketa berriak egongo dira ikusgai, eta helburua bikoitza da: batetik, funts artistikoen aberastasuna erakustea, eta, bestetik, haiek begiestea sustatzea. Horrez gainera, bestelako hitzorduak ere egongo dira, besteak beste, Obra Gonbidatua programa, zaharberritzeak eta beste aurkezpen batzuk, bai eta hainbat kanalen bidezko (aurrez aurrekoa eta digitala) hezkuntza- eta hedatze-jarduerak ere.
Museora eraikin zaharreko Museo plazako atetik sartu ahal izango da, eta sarrera doakoa izango da.
[ 2022-06-13 ]
Bilboko Arte Ederren Museoaren akordioa, museoa handitu eta eraberritzeko lanen kontratazio-espedienteko atzeraeragineko jarduketei buruz, aurrekontua eta lehiaketa-epea egokitzeko
Bilboko Arte Ederren Museoak gaur batzartuta, museoa handitu eta eraberritzeko lanen kontratazio-espedienteko jarduketen atzeraeraginari buruzko erabakia hartu du, “gaur egungo egoeran obra hau egiteko behar diren zenbait lehengairen kostuak nabarmen igo baitira”. Hori, eskaintzarik ez egotea eragin daiteke.
Administrazio-prozedurak aukera ematen du baldintza-agiriak partzialki aldatzeko, eta, aldi berean, lizitazio-prozedura eguneratzeko, gaur egungo merkatuko prezioetara egokitu dadin; hala galdegiten dute Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 100. eta 101. artikuluek. Hala, proiektua berrikusi da, ondorio horietarako emaitza efizienteagoa ahalbidetuko duten partidak identifikatzeko, eta, bestalde, Museoak kontratazio-espedientea onetsi du, lizitazioaren oinarrizko aurrekontu berri batekin: 34.184.000 euro; horrek % 15,5eko igoera dakar aurrekoaren aldean (29.584.000 euro).
Era berean, luzatu egingo da eskaintzak aurkezteko epea, uztail bukaerara arte; horrenbestez, handitzearen egutegia doitu egingo da; aurreikusita dago 2022ko urri amaieran hastea.
Ebazpen hau –eta dagozkion aldaketak– ekainaren 20tik (astelehena) aurrera erregistratuko da Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman; bertan dago Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko obrak gauzatzeko kontrataziorako lizitazio-iragarkia –2022ko martxoaren 31ean argitaratua–.
[ 2022-03-30 ]
Bilboko Arte Ederren Museoak argitara eman du Norman Foster eta Luis María Uriarteren “Agravitas” proiektua handitzeko obraren lizitazioa.
- Proiektuaren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 29,5 milioi eurokoa da, eta, aurreikuspenen arabera, 22 hilabete iraungo du.
- Proiektuaren aurrekontu osoan, % 9,5eko igoera aurreikusi da, dauden eraikinak suteen aurka babesteko eta ebakuatzeko arau berrietara egokitzeko, eta, orobat, egungo egoeraren ondorioz, ziurrena hornidura-prezioak igo egingo direlako.
- Proiektuak bermatzen du obrak egiten diren bitartean museoa partzialki irekiko dela.
Bilboko Arte Ederren Museoa, 2022ko martxoaren 30a.– Bilboko Arte Ederren Museoak gaur argitaratu du, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman, bere instalazioak handitzeko obra gauzatzeko lizitazioa, Norman Foster eta Luis María Uriarte arkitektoek sinatutako eta Foster + Partners Ltd + LM Uriarte Arkitektura S.L.P. aldi baterako enpresa-elkarteak aurkeztutako “Agravitas” proiektuaren arabera. Bilboko Arte Ederren Museoak 2019ko otsailaren 11n deitutako Handitze eta Zaharberritze Proiektuen Lehiaketa irabazi zuen “Agravitas” proiektuak, eta lehiaketa horren epaia urte horretako uztailaren 23an jakinarazi zen jendaurrean.
Eraikin zaharra egokitzeko lanak egin ondoren –2021eko irailean hasi ziren, eta apirilean amaitzea aurreikusten da–, gaur, asteazkena, 2022ko martxoaren 30ean, lizitatuko da obraren fase nagusia. Eskaintzak aurkezteko epea –50 egun natural, kontratatzailearen profilean argitaratzen denetik aurrera– 2022ko maiatzaren 19an amaituko da.
Proiektua bat dator Bilboko Udaleko Babes Zibileko zerbitzuen eskakizunekin, jatorrizko arkitektura suteetatik babesteko eta ebakuatzeko egungo araura egokitzeko. Besteak beste, agindu horiek betetzeko, 1945eko eta 1970eko eraikinen egituraren zatirik handiena ignifugatuko da.
Bestalde, Museoaren Batzorde Betearazleak bere gain hartu du proiektuaren aholkularitza den Krean ingeniaritzak aurkeztutako irizpidea, zeinak gomendatzen baitu aurrekontuan ehuneko gehigarri bat sartzea, eraikuntza-sektorearen egungo egoerak ekarritako prezioen gorakadaren ondorioz. Hori guztia dela-eta, lizitazioaren guztizko aurrekontua % 9,5 handituko da, hasieran aurreikusitakoaren gainetik, eta, beraz, Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta zaharberritzeko lanen behin betiko lizitazio-aurrekontua 29,5 milioi eurokoa izango da.
Jakinarazi den bezala, 2021eko abenduaren 17an Kutxabankekin sinatutako maileguaren bidez finantzatuko da proiektua. Mailegu horrek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bermea du. Babes Zibilaren arloko egokitzapenaren eta kontingentzien aurreikuspenaren ondorioz duela gutxi onartutako 3,6 milioi euroko aurrekontu-eguneratzea hiru instituzioek erdibana onartutako ezohiko dirulaguntza baten bidez finantzatuko da.
Obrak 22 hilabeteko iraupena izango du, zuinketa-aktarekin hasten denetik. Aurreikusitako egutegiaren arabera, uztailetik aurrera eraikin modernoa jendearentzat itxiko da, eta erakusketa-jarduera eraikin zaharrera eramango da, instalazioak egokitzeko lanak egin ondoren, obrak egiteko eperik luzeenean museoa partzialki irekita izateko asmoz.
Handitze-proiektuaren helburuak
Proiektuaren helburu nagusiei dagokienez, batetik, museoari espazio gehiago eman nahi zaio jarduera garatzeko, bai publikoa bai barnekoa, eta, bestetik, irisgarritasuna hobetu nahi da, dauden arkitekturen eta bertako ingurune naturalaren balioa errespetatuz eta indartuz. Museoaren hedapen fisikoa adierazgarria da: 6.743 m2 berri eraikiko dira (% 60 baino gehiago) eta lehendik zeuden 8.000 m2-ak birmoldatuko dira. Aldi berean, instalazioen jasangarritasuna sustatuko da eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko, eta museoari protagonismo berria emango zaio hiriaren arkitekturan.
Bildumarako eta aldi baterako erakusketetarako espazioa handitzea izango da proiektuaren lorpenik handienetako bat. Bildumak 1.635 m2 gehiago izango ditu (egungo espazioak baino % 45 gehiago). Aldi baterako erakusketek, bestalde, BBK-Museoa espazio berria izango dute, handitze-lanetako solairurik altuenean kokatuta. Terraza berriaren ondoko espazio hori 2.200 m2-koa izango da, eta gaur egungo erakusketa-azalera bikoiztuko du.
Beste helburu garrantzitsu bat jarduera publikoetarako espazioari dagokio, % 81 handituko baita. Arriagaren Monumentuko plaza estaliak 1.000 m2 baino gehiago izango ditu, eta hori izango da bisitariak hartzeko eta artatzeko irabazitako gune nagusia. Museoko edozein sarreraren bidez sarbide librekoa den ardatz publiko handi horrek aukera emango du eraikin zaharreko atea irekitzeko, eta fatxada neoklasikoari jatorrizko funtzionaltasuna itzultzeko. Era berean, Arriaga espaziotik zuzenean sartu ahal izango da Arteder dokumentazio- eta ikerketa-zentro berrira. Zentro horrek 500 m2 baino gehiago izango ditu eraikin zaharraren sotoan.
Irabazitako gainerako azalera bulego, zirkulazio, zerbitzu eta instalazioetan banatuko da.
[ 2021-09-09 ]
Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko obren kontrataziorako (I. Fasea, Egokitzapen Partziala) epea irekita dago. Lanak eraikin zaharrean hasiko dira, azaroan.
BBK MUSEOA
[ 21/06/24 ]
- BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarren arteko ituna berritu dute, lankidetza-hitzarmen berria sinatuta, BBK Museoa izenarekin hurrengo hamabost urteetarako jarduera-ildo estrategikoak ezarriko dituena.
- BBKren eta museoaren baterako jardunbidea Norman Foster eta Luis Maria Uriarteren BBK Museoa gune berrian garatuko da, aurten hasiko den museoa eraberritzeko eta handitzeko “Agravitas” proiektuaren baitan.
- BBK Museoa programaren finantzaketa buruaskia dela bermatzeko oinarriak adostu dira itunean, eta, horri esker, urtean bi erakusketa handi antolatuko dira.
Hitzarmen hau sinatzeak kultura-posizionamendua berritzen du, eta beste mugarri bat ezartzen du BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko bost hamarkadako lankidetzan.
Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren azkenetan hasi zen ituna, 1994an BBK Aretoa sortuz handitu zen, eta 2001ean jaso zuen babes erabakigarria, BBK Ohorezko Patrono eta Museoaren Batzorde Betearazleko kide gisa atxiki baitzen hiru erakunde sortzaileekin batera (Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza). Urte horretan bertan –Fundación Museo de Bellas Artes de Bilbao-Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa eratzeaz gainera–, BBK Museoa Programa finkatu zen, harrezkeroztik jarduera bateratuko esparruari babesa eman izan diona.
Azken urteetan, interes orokorreko jardueren garapena museoan munta handienekoa den programa artistikorekin gauzatu da, erakunde pribatu baten laguntzarekin. Hiru programa nagusi babesten ditu –aldi baterako erakusketak, hezkuntza-jarduerak eta zabalkundea–, lurraldean protagonista izan direnak kultura jardueran eta inguru artistiko zabalago bateko ordezkaritzan.
Hain zuzen ere, BBKrekiko lankidetzari esker egiten den museoaren erakusketa-programaren asmo nagusia artista, artearen historiako aldi edo gertaera garrantzitsuak publikoari ezagutaraztea da. Hitzordu gogoangarriak daude artxiboan gordeta, hala nola Espainiar natura hilak. Zurbaránetik Picassora (1999) eta Antonio López (2011). Ikerketan ekarpena egiteko asmoa ere badu, Valdés bildumako maisulanak (2020) erakusketan bezala, baita museoaren bilduma propioa baloratzekoa ere, erakusketa hauetan, esaterako: 110 Urte 110 Artelan (2018) eta ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa. Ildo horretan, bilduma aberasten lagundu du BBK-k hainbat formularen bitartez, eta horren azken adibideetako bat izan da 2017an Museoaren Lagunek Luis Paret margolariaren Bermeoko bista (1783) bikaina eskuratzeko babesle izana.
Euskal kultur nortasunari eta bertako sortzaile-komunitateari arreta eskaintzea da BBKren eta museoaren arteko sinergien bilgune interesgarrienetako bat, barnean hartuz artista klasikoak –Zamacoisekin hasi, Zuloagarekin amaitu– eta XX. mendera artekoak, hala nola Basterretxea, Mendiburu eta Ameztoyn, hiru izen nabarmen besterik ez aipatzearren. Helburu bera dute, 1982az geroztik, BBK-Museoa ikerketa-bekek ere.
Aldi baterako erakusketekin batera, hezkuntza- eta bitartekaritza-lanak egiten dira, eta, horretarako, askotariko interes eta premiak dituzten bisitariei tailerrak, bisitak, topaketak, audiogidak, solasaldiak eta hitzaldiak eskaintzen zaizkie, dela aurrez aurre, dela online. BBKren erakusketek, gainera, katalogoak eta bestelako arte-argitalpenak sortzen dituzte, museoaren argitalpen-lanaren zati handi bateko protagonista direnak.
Baina, gainera, museoaren egoitzako jarduera hori haren aretoetatik harago ere zabaltzen da, hirian eta lurraldean zehar egindako ekitaldiekin. Adibide aipagarriak dira 2018az geroztik Bizkaiko hainbat herritan dabilen BBK Artearen Ibilbidea/La Ruta del Arte ibilbidea, eta gaur egungo Luis Paret Bilbon erakusketa.
BBK-k museoaren prestigioari egindako ekarpena eta haren ibilbidearen hainbat etapatan emandako laguntza etengabea funtsezkoak izan dira etorkizuneko erronkei berme osoz aurre egin ahal izateko.
Etorkizun estrategikoa: BBK Museoa
BBK Museoa BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren arteko lankidetza-proiektu berria da, eta, 25 urtez elkarrekin aritu ondoren, batez ere museoko BBK Aretoan garatu den jardueraren oinordekoa da.
En 2019 BBK patrocinó el Concurso Internacional de Arquitectura para la ampliación y reforma del museo, cuyo fallo se resolvió a favor del proyecto “Agravitas”, elaborado por Norman Foster y Luis María Uriarte y cuyo inicio está previsto para este otoño. Una de las actuaciones de mayor tracsendencia del proyecto plantea un nuevo espacio que concentrará en un solo ámbito museográfico, identificado con la nueva marca BBK Museoa, toda la actividad expositiva y las actividades de educación y difusión asociadas al programa conjunto.
Con una superficie expositiva de más de 2.000 metros cuadrados, que duplica a la actual Sala BBK, el espacio BBK Museoa ocupa el conjunto principal del espacio público de la ampliación, que se proyecta sobre la arquitectura existente para ofrecer al museo un nuevo protagonismo en la ciudad.
BBK Museoa guneak egungo BBK Aretoaren bikoitza izango den 2.000 metro karratu baino gehiagoko azalera izango du, eta zabalkundearen eremu publikoaren zati nagusia hartuko du; eremu hori egungo arkitekturaren gainean proiektatuko da, eta hirian protagonismo berria emango dio museoari.
Urtean bi erakusketa handi aurkezteko asmoa du, arte-sorkuntzaren bidez eta hezkuntza- eta zabalkunde-jardueren programa handiarekin batera, gure egungo gizarteak dituen erronka handiei buruzko gogoeta sustatuko dutenak.
[ 20/12/21 ]
Museoaren Patronatuak Norman Fosterrek eta Luis Mª Uriartek diseinatutako zabaltze-programari babesa eman dio gaur, ohiko bilkuran –aurrez aurrekoa eta telematikoa–, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan zirela.
Bilboko Udalak plan berezia onartu eta oinarrizko proiektua aurkeztu ondoren, obra gauzatzeko proiektua idazteko eta lizitatzeko azken izapidea hasiko da orain; 2021eko irailetik aurrera hasiko da proiektua eraikin modernoan. Handitze horri esker, egoitza berean garatuko da Plan Estrategikoan aurreikusitako premien programa, zeinak museoaren 5.000 m2 baino gehiagoko hedapena ahalbidetuko duen. Diseinuaren balio nagusiak hauek dira: proiektuaren izaera enblematikoa, dauden arkitekturen eta naturaz kanpoko arkitekturen kontserbazioa eta eraginkortasun energetiko handiagoa bilatzea. Bestalde, Francisco Durrioren Arriagari Monumentuaren espazioa Euskadi eta Chillida plazetako sarreretatik sarbidea duen galeria publiko berri bihurtzen du proiektuak.
Bilera berean erabaki da, halaber, museoaren Plan Estrategikoan aurreikusitako obren finantzaketa-ereduari eustea. Eredu hori Fundazioak sinatutako epe luzeko mailegu bat –25 milioi euroan zenbatetsia– formalizatzean funtsatzen da, eta hiru erakunde fundatzaileen ekarpenekin amortizatuko da: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Proiektua idatzi duen taldeak baieztatu duenez, museoak partzialki irekita jarraitu ahal izango du obrak egiteko egutegian zehar; obren iraupena 21 hilabetekoa izango dela kalkulatzen da. Handitze horri esker, museoaren eraikin zaharraren zati handi bat –obrek gutxien eragiten diotena– irekita mantendu ahal izango da. Jatorrizko sarreratik sartu ahal izango da bertara, eta behin-behineko arrapala bat jarriko da irisgarritasuna errazteko. Denbora-tarte horretarako, museoaren zuzendaritzak funtsak txandakatzeko programa berezi bat aurreikusi du, ahalik eta obra gehien erakusteko eta erakundearen hezkuntza- eta hedapen-programak mantentzen direla bermatzeko. Era berean, egikaritze-planak aukera emango du museoaren barneko sailak eta zerbitzuak nahiz ikusgai ez dauden bilduma gehienak beren egoitzan egoteko eraikuntza-prozesuan zehar.
Cátedra UNESCO txostena: PDF
“Las arquitecturas del Museo de Bellas Artes de Bilbao” – Maite Paliza Monduate: PDF
Norman Fosterrek Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua aurkeztu du
[ 19/12/16 ]
Norman Fosterrek Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektuaren erredakzioaren aurrerapena aurkeztu du gaur goizean museoan. Bere hitzaldian, Fosterrek pinakotekako obrarik enblematikoenetako bat aipatu du –Aurelio Artetaren Burtzeñako zubia–, eta adierazi du metafora bat dela, zeinak iraganaren ulermenean kokatzen baitu etorkizuna eraiki ahal izateko zubi garrantzitsuenetako bat.
Aurkezpeneko ekitaldian izan dira Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusi eta museoko Patronatuaren lehendakaria; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua; Juan Mari Aburto, Bilboko Udaleko alkatea; eta beste zenbait ordezkari, Patronatukoak, handitze lanen arkitektura lehiaketako epaimahaikoak eta museoaren Programa Korporatibokoak.
Arkitektura esku-hartze honen xehetasunak 2018ko abenduaren 11n finkatu ziren, 2019-2022 Plan Estrategikoan. Patronatuak onetsitako plan haren helburuak ziren erakundea modernizatzea eta fisikoki handitzea. Eta, ikuspegi estrategiko berri horren baitan, museoaren espazio operatiboa 8.000 m2 ingururaino handitzea da jarduera handinahiena; 18.658.200 €-ko aurrekontua dute handitze lanek, eta 45 hilabeteko epean bukatuta egongo dira.
Lehen urratsa arkitektura lehiaketa antolatzea izan zen. Museoaren Ohorezko Patronoa den BBK-k finantzatu zuen lehiaketa, eta otsailaren 11n egin zen lehiaketaren deialdia. Lehenengo fasean 57 talde onartu ziren, eta apirilaren 8an sei finalistak zein izango ziren jakinarazi zuen epaimahaiak. Azkenik, uztailaren 23an, lehiaketaren ebazpena iragarri zen: Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztutako “Agravitas” proiektua izan zen irabazlea. Proiektu hura eta gainerako finalistak jendaurrean egon ziren ikusgai uztailaren 29tik urriaren 6ra.
Proiektuaren ardatza da 1945eko eraikinak garai bateko protagonismoa berreskuratzea; horretarako, jatorrizko sarrera berrezarriko dute. Gaur egungo instalazioak oinarri harturik, dimentsio berdingabeko espazio bat proiektatu dute, errespetuz kokatuko dena 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean; museoak galeria berriak izango ditu solairu bakar diafano eta malgu batean. Esku-hartze berri horren bidez, gainera, Arriagaren monumentuaren plaza bihurtuko da museoaren bizkarrezurraren muina.
Epaimahaiak honela laburtu zituen proiektuaren indarguneak bere ebazpenean: “Teknologikoa du itxura; humanistikoa, ikuspegia; eta ekologikoa, iraunkortasuna. Eta, arkitektura kalitatea, sentiberatasun urbanoa eta gizarte erantzukizuna uztartuta, Bilboko bihotz historikoan mugarri argitsu arin bat altxatzea proposatzen du”.
Bestalde, Unai Rementeriak museoaren funtzionalitatean eta ikusgarritasunean egingo diren hobekuntza nabarmenak azpimarratu ditu. Izan ere, hobekuntza horiei esker, bolumen bakar batean bilduko da beharren plana, bai eta bisitariekiko begirunea eta herritarren zerbitzura dagoen proiektu baten ingurumen-sentsibilitate handia ere.
Patrocina: BBK
Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektua
Proposamen honek irabazi du Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko eta eraberritzeko lehiaketa: UTE Foster + Partners Ltd. + LM Uriarte Arkitektura S.L.P. taldeak aurkeztutako “Agravitas” proiektuak.
Epaimahaikideek aho batez erabaki dute proiektu irabazlea dela eraberritze-lanen helburuak egokien betetzen dituena, hala nola museoaren espazioa handitzea, hartara bildumen aurkezpena zabaltzeko, eta museoko erakusketak, hezkuntza-programak eta zabalkunde-programak sustatzea.
Gainera, proiektu irabazleak irtenbidea emango dio museoak hiriarekin duen loturari; izan ere, proiektu honen bidez, eraikin zaharraren aurrealdea ireki egingo da berriro ere –gaur egun Euskadi plazara ematen du–, eta arkitektura berriak balio berezia emango dio instituzioaren identitateari.
Museoa handitu eta berritzeko kontratua betearazteko, museoak zenbatetsitako gehienezko aurrekontua 18.658.200,00 €-koa da (BEZ barne).
Agravitas
Norman Foster, Luis María Uriarte
Proposamen honen ardatza hauxe da: 1945eko eraikinaren protagonismoa berreskuratzea; horretarako, jatorrizko sarrera berrezarri nahi da. Gaur egungo instalazioen gainean, dimentsio berezi bateko espazio bat proiektatzen da. Espazio hori 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean kokatuko da, errespetuz, eta 2.000 m2 gehituko dizkio museoari, bertan galeria gehiago jartzeko, solairu bakar, diafano eta malgu batean. Galeria ezin hobea da edozein arte-komisariorentzat.
Esku-hartze berri horren ondorioz, Arriaga plaza izango da Museoaren bizkarrezurra. Museoari goitik emango dio argiak, galeria berria zeharkatzen duen okulutik sartuko baita, eta beheko solairuko kota guztiak bateratuko dira; hala, erraza izango da museoan barrena gauzak topatzea eta orientatzea.
Proposatu dugun esku-hartze horren ezaugarri nabarmenena ildodun pieza bat da, zeinaren bidez eraikinaren liraintasuna azpimarratuko baita, euste-puntu gutxi batzuekin, eta gaur egungo eraikinen arrastotik urrun.
UTE Foster + Partners Ltd. + LM Uriarte Arkitektura S.L.P. Curriculum-a
Norman Foster Foster + Partners estudioaren fundatzailea eta presidente exekutiboa da. Arkitektura, hirigintza eta diseinuko nazioarteko estudioa da, iraunkortasunean errotutakoa. Estudioarenproiektuen artean, nabarmentzekoak dira Berlingo Reichstag eraikina, British Museoko Patio Handia, Bostongo Arte Ederren Museoa, Hong Kong eta Pekingo aireportuak, eta enpresa hauen egoitzak: Hearst (New York), Apple (Cupertino), Bloomberg (Londres), Comcast (Filadelfia) eta Hongkong and Shanghai Bank (Hong Kong). Gaur egun, hainbat ikerketa-proiekturen barruan, Europako Agentzia Espazialarekin eta NASArekin batera, aukerak aztertzen ari dira, Ilargian eta Marten bizitzeko egiturak sortzeko.
Norman Foster Foundation fundazioaren presidentea da; Madrilen du egoitza, eta nazioarteko hedapena du. Fundazioaren xedea diziplina arteko pentsaera eta ikerketa sustatzea da, arkitektoen, diseinatzaileen eta hirigileen belaunaldi berriei etorkizunari aurrea hartzen laguntzeko. 1999an, arkitekturako XXI. Pritzker saria lortu zuen.
1997an, Merituaren Ordena eman zitzaion, eta, 1999an, Elizabeth II.a erreginak biziarteko noblezia-titulua eman zion: Lord (Baroia) Foster of Thames Bank.
Luis María Uriarte. Arkitektoa / Proiektuaren arduraduna. Euskal arkitektoa, sona handikoa, 30 urteko eskarmentua duena. Bere lanak hainbat tokitan erakutsi dira, hala nola Chicagon, Shangain eta Sao Paulon, eta hainbat arkitektura-aldizkaritan argitaratu dituzte (El Croquis, L’Architecture d’Ajourd’hui,…). Arkitekto-lanaz gainera, irakasle gisa dihardu Nafarroako Unibertsitatean eta Amsterdameko Bouwkunst eskolan.
- Reforma y ampliación del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2002
- Reforma interior de lucernarios, solados y acabados del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018
- Centro de Artes Escénicas Getxo Antzokia–Musika Eskola, 2018–Getxo (Bizkaia)
- Reforma y ampliación del Centro Público Docente Gandasegui, 2018–Getxo (Bizkaia)
- Centro de Producción Cultural Antenna, 2014–Galdakao (Bizkaia)
- Reforma del Pórtico de San Pedro, 1995–Llodio (Bizkaia)
Sei talde hauen proiektuak erakutsiko dira erakusketan:
-
Agravitas
Foster+Partners + LM Uriarte Arkitektura -
Bikoitz
Nieto Sobejano Arquitectos -
Botxo
BIG, AZAB + Proskene -
Efecto Mariposa
Snøhetta Oslo + Foraster Arquitectos -
Parke Ederren Museoa
SANAA + IA+B -
ZIGZAG
Rafael Moneo
Patrocinador: