Berriak
22-12-23
2024ko jardueraren aurrerapena
Handitze arkitektonikorako eta eraldaketa museografikorako prozesuan, Bilboko museoak bere historiarekin eta etorkizuneko proiekzioarekin duen lotura bihurtu da bere jarduera publikoaren ardatz, eta horren inguruan antolatu da.
Hurrengo urtean hainbat urteurren ospatuko dira, eta horixe izango da erakusketa-programaren arreta guneetako bat; besteak beste, Arte Modernoko Bilboko lehen Museoa 1924an ireki zen, eta euskal arte garaikideko bi irudi garrantzitsuenak ere urte horretan jaio ziren: Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillida. Era berean, ekitaldian zehar jarraipena emango zaie Bideoartea sortzeko BBVA Fundazioarekin batera garatutako programei, bai eta Santander Fundazioarekin batera garatutako Obra Gonbidatuari eta Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritze Programari ere. Azkenik, duela urte batzuk hasitako bildumagintzari buruzko ikerketa-ildoaren barruan, Sota familiaren mezenasgo artistikoari eskainitako erakusketa izango da urteko hitzordu berezietako bat.
Hona hemen erakusketen egutegia:
BBVA Fundazioak Beatriz Caravaggio bideoartistari egindako mandatu baten emaitza da. Hizkuntza minimalistarekin eta arma atomikoari buruz dauden lan ugariekiko ikuspegi desberdin batetik abiatuta, film honek paradoxa bat garatzen du bi hauen artean: batetik, praktika zientifikoen azterketa analitikorako eta kontrolerako gaitasun bereizgarria, eta, bestetik, praktika horiek gizartean aplikatzetik sortzen den kontrolik eza, gogoeta etikoen, zibikoen eta ingurumenarekin lotutako gogoeten inguruan elkarrizketarik eta eztabaidarik egin gabe egiten denean.
Patrocina Fundación BBVA
Urtarrilaren 23tik ekainaren 2ra
Erakusketa Nestor Basterretxeak (Bermeo, Bizkaia, 1924-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014) 1950eko hamarkadatik aurrera eta bere ibilbide luzean zehar bi diziplina horietan egindako proiektu eta errealizazioetan oinarrituko da. Pedro Feduchi, Pedro Reula eta Peio Agirre dira erakusketaren komisarioak, eta collage arkitektonikoak, diseinu industrial eta grafikoko piezak, altzariak, Oteiza eta Valletekin batera sortutako Irungo lantegi-etxearen memoria dokumentala, izaera utopikoko “bolumetria” arkitektonikoak paperean, arkitekturako eta hirigintzako maketak, argazkiak, etab. bilduko ditu; “Basterretxearen kaleidoskopioaren” ehun eta berrogeita hamar pieza baino gehiago jasoko ditu, muturrekoak batzuk, aitzindariak asko, eta egin gabe geratu zirenak beste batzuk.
Babeslea: Petronor
Otsailaren 28tik maiatzaren 26ra
Obra Gonbidatua programak bere ibilbide bereziarekin jarraitzen du, eta oraingo honetan Parisko Epaiketako Erredola eta armagintza historikoko beste objektu batzuk, Estatuko Ondarearen Errege Armategitik (Madril) hartutakoak, ekarri ditu museora; Nafarroako Eugiko burdinolan egin ziren, Filipe II.ak XVI. mendean erositakoan.
Babeslea: Santander Fundazioa
Martxoaren 12tik ekainaren 16ra
Erakusketak Arte Modernoko Bilboko Museoaren inaugurazioaren (1924) mendeurrena ospatuko du. Aurelio Arteta margolaria izan zen museoaren lehenengo zuzendaria. Urte batzuk geroago, 1945ean, Arte Ederren Museoaren eraikinean ezarri zen, eta bi erakunde horien bildumak 1969an batu ziren. 16 aretotan zabalduko da erakusketa, hainbat artelan eta dokumentaziorekin. Horietako asko argitaratu gabeak izango dira, eta museoaren historiako gertaera garrantzitsuetan sakonduko dute, hala nola obra enblematikoen erosketetan, lehen erakusketetan edo Gerra Zibilaren garaiko funtsen ebakuazioan. Gainera, Mikel Onandia EHUko irakasleak gaiari buruz egindako ikerketa sakonaren edizioa lagunduko du.
Babeslea: BBK
Ekainaren 7tik aurrera
Erakusketa bildumazaletasun historikoan oinarrituko da, Ramón de la Sota y Llano (1857-1936) enpresari bilbotarrak jasotako multzo artistiko bikaineko berrogeita hamar artelan esanguratsu ezagutaraziko dituen berreraikuntza baten bidez; Javier Novo, Kontserbazio eta Ikerketako koordinatzailea, izango da komisarioa. Francisco de Goyaren Sorginen hegaldia margolan apartak, Prado Museoak erakusketarako lagatakoak, ardatz kronologiko gisa jardungo du, besteak beste, artista hauen lanen artean: Cornelis Van der Voort, Grekoa, Luis de Morales, Eduardo Zamacois, Anselmo Guinea, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, Darío de Regoyos, Francisco Iturrino, Antonio de Guezala edo Aurelio Arteta.
Babeslea: BBK
Ekainaren 21etik urriaren 13ra
Chillida/Ortega Muñoz erakusketak itxiko du BBKateak erakusketa ibiltarien programa; Javier González de Durana historialariak proposatuta, Eduardo Chillidaren eta Godofredo Ortega Muñozen arteko analogia formalei eskainitako hiru areto izango dira. Bi artista horien arteko aurrez aurreko horrek gogora ekartzen digu margolariaren bakarkako lehen erakusketa Bilboko museoan egin zela 1957an, eta, urtebete geroago, Chillidak Veneziako Bienaleko Eskulturaren Nazioarteko Sari Nagusia jaso zuela. Gainera, Chillidaren Mendeurrenaren ospakizunekin bat egiten du. Martxoan, aurrekari moduan, museoak Topalekua IV (1973) eskultura monumentala mailegatu zion Chillida Lekuri.
Babeslea: BBK
Ekainaren 25tik aurrera
Ukitzeko artea
Ikasturtean zehar, urtarriletik ekainera, programa aitzindari honek ikusmen-urritasuna duten pertsonei zuzendutako sentsibilizazio- eta irisgarritasun-esperientzia hau eskainiko die Arabako ikastetxeei. Aurten, Nemesio Mogrovejoren erliebe eskultoriko bat gehituko da, eta, horrela, eskultura bat txertatuko da lehen aldiz erakusketa osatzen duten obren zerrendan.
Babeslea: Iberdrola
Artearen ibilbidea BBK
Espazio publikoetara irtengo da berriro, bisitarien bila. Oraingoan, bildumako artelanen kalitate handiko erreprodukzioek “Haurrak artean” gaia izango dute inspirazio-iturri.