Berriak
12-12-18
2019/2022 Plan Estrategikoa
Abenduaren 11n Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuak 2019/2022 Plan Estrategikoa onetsi zuen
Aurten, Bilboko Arte Ederren Museoak 110. urteurrena bete du, eta, era berean, ikuspegi estrategikoa berritu du, erakundearen antolaketa modernizatzeko eta museoa modu fisikoan handitzeko. Horretarako, azken bederatzi hilabeteotan prestatu den Plan Estrategikoa abiarazi da; adierazitako planak museoaren lana garatzen den esparruari esleitutako kudeaketa-ildo nagusiak aztertzen ditu.
Planaren helburu nagusia da erakundearen programak nahiz ekintzak bideratu eta planifikatzea, epe ertain zein luzera, eta museoa handitzeko lanak martxan jartzea. Ekimen hori planean jasotako egitasmorik handiena da, duda barik, eta museoaren espazio operatiboa 8.000 m2 handitzea aurreikusten du. Horretarako, eraikin osagarri bat eskuratuko da, eta erakundearen egoitza bera handituko da, arkitekturako nazioarteko lehiaketa baterako deialdia eginez. Lan biak gauzatzeko aurreikusten den aurrekontua 22.110.000 €-koa da, eta betearazpen-epea, ostera, 45 hilabetekoa.
2019/2022 Plan Estrategikoa bi indar-ideiatan oinarritzen da: lehenik eta behin, bi ardatz estrategiko identifikatzen ditu, eta horiek zehazten dituzte nagusiki, hurrenez hurren, museoaren jardunaren garapena gidatzen duten interes-taldeak eta ekintza-planak zehazteko lehentasunezko arloak; bigarrenik, museoaren barne-antolaketari berari eta instalazioak handitzeari nabarmen eragiten dieten bi mugimendu estrategiko zehazten ditu.
Ardatz estrategikoak
Hausnarketa-ildo honek lehenengo ardatza zehazten du, museoaren xede diren interes-taldeena, bost kolektibotan finkatuta. Bigarrenik, bost ekintza-eremu ere identifikatzen ditu, museoaren berezko jardunekoak.
1. ardatza Interes-taldeak |
2. ardatza Ekintza-eremuak: |
• Bisitariak |
• Bilduma |
Lehen ardatzak barne hartzen ditu gutxi gorabehera modu zuzenean museoaren jardunaren eragin-eremuaren barruan dauden pertsonak, taldeak, kolektiboak eta erakundeak; xede kuantifikagarriak nabarmendu daitezke horren barruan, hala nola urtean 300.000 bisitari edukitzea egonkortzea, Museoaren 4.000 lagun lortzea eta Patronatuko kideen kopurua handitzea. Horiez gain, asmo handiagoko helburuak zehaztu dira, adibidez, museoaren ikuspegi estrategikoa bideratzea, hiria, lurraldea eta Euskadi bera garatzeko planak kontuan hartuta.
Bestalde, bigarren ardatzak museoaren bilduman jartzen du arreta; izan ere, horixe da museoaren izana eta bere jardunaren motorra, aldi baterako erakusketen programa osagarritzat baliatuta. Nabarmentzeko moduko helburu zehatzetako bat da euskal arteari buruzko ikerketa eta dokumentazio zentro bat sortzea; horrek oinarri hartuko du dagoeneko sortutako ARTEDER proiektua, eta ibilbide berria eta garrantzi handiagoa emango dizkio, museoko ikerketa alorretako ildo baten barruan.
Mugimendu estrategikoak
Ekintza-ildo honen xedea da, lehenik eta behin, erakundearen organigrama eraldatzea, aldaketari modu arrakastatsuan aurre egiteko, eta, bigarrenik, museoan azpiegitura berriak gaitzea, bikaintasuneko zerbitzua bermatu ahal izateko.
Antolakuntza berria
Museoaren antolakuntza berriak diseinatu duen egitura gai izango da proposatutako programen eta ekintza-planen garapenera egokitzeko. Horretarako, berritasun nagusi gisa, Bilduma Kontserbatzeko hiru sail sortu dira, bildumaren zaintza materiala eta ezagutza intelektuala bermatzeko; horrez gain, Publikoaren Saila sortu da, hezkuntza eta zabalkunde jarduerak bultzatzeko, eta, azkenik, Kudeaketa Saila, besteak beste, museoaren zerbitzu komertzialei lotutako gaiak kudeatzeko.
Handitze-lanak
Bestalde, espazioa handitzea da Plan Estrategikoaren erronkarik handiena, eta bi proiektutan egituratu da: alde batetik, eraikin osagarri bat (3.000 m2) eskuratzea proposatzen du, artelanak gordailutzeko eta, bertan, ARTEDER Artxibo, Liburutegi eta Ikerketa Zentroa jartzeko. Hori gauzatzeko aurreikusitako gastua 3.950.000 €-koa da. Bestetik, egoitzan bertan espazioak nabarmen handitzea (5.000 m2), erakusketak egiteko, bisitariei harrera egin eta arreta eskaintzeko, eta hezkuntza eta zabalkunde zerbitzuak emateko; osotara, 18.160.000 €-ko aurreikuspena egin da. Museoa handitzeko lanari dagokionez, arkitekturako nazioarteko lehiaketa baterako deialdia egingo da; horren bidez, 2019/2022 Plan Estrategikoak ezarritako aldian proiektua gauzatuko duen lantaldea hautatuko da.
Museoa handitzeko programak 8.000 m2-ko eremuari eragingo dio guztira, hori gauzatzeko guztizko aurrekontuaren zenbatekoa 22.110.000 €-koa da, eta betearazpen-epea, ostera, 45 hilabetekoa.