Berriak
17-01-18
2018ko Programazioaren aurrerapena
110 Urte 110 Artelan
2018ko maiatzaren 9a – 2018ko irailaren 17a
Babeslea: BBK
Museoaren 110-urteurrena dela eta, 110 Urte 110 Artelan erakusketan museoaren bildumaren 110 obra nabarmenetakoak egongo dira ikusgai, eta helburua, museoaren bildumaren kalitatea agerian jartzeaz gain, pinakotekaren historia aztertzea da, hasieratik gaur egunera arte. Erakusketak anbizio handiko muntaia izango du, eta, euskarri museografikoaren bidez, museoak tradizionalki artearen historiarekin eta hurbileko ingurune artistiko eta sozialarekin izan duen inbrikazioan sakondu ahalko da.
ABC Museoaren alfabetoa
2018ko urriaren 6a – 2018ko ekainaren 3a
Babeslea: BBK
Obrak amaitzen direnean, eraikin zaharra ABC Museoaren alfabetoa izeneko erakusketarekin inauguratuko da berriz; horrek Kirmen Uribe idazlearen laguntza izango du. Kronologiaren eta eskolen araberako ohiko muntaiaren ordez ordena alfabetikoari jarraituko zaio erakusketa honetan. Zehazki, eraikin zaharraren hogeita hamar aretoetako bakoitzak hitz batekin zerikusia duten obrak hartuko ditu. A letratik Z letrara, areto bakoitzari hitz bat egokituko zaio, gure inguruko hizkuntzetako batean: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez.
68aren ostean
Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018
2018ko azaroaren 7a – 2019ko apirilaren 28a
Babeslea: PETRONOR
Museoaren eraikin modernoan aurkeztuko da Euskadiko artearen ikuspegi zabal eta argitaragabe bat. Erakusketaren abiapuntua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma zein euren bildumarako euskal arte garaikidean arreta jarri duten beste erakunde batzuen bildumak izango dira. Diskurtso kronologiko bat egingo da, zeinean artistak eta haien obrak artxiboko materialekin eta dokumentuekin (prentsa, liburuak, idazkiak edo ikus-entzunezko materiala) batera egongo baitira, eta Euskadiko agertoki artistikoa nola garatu den erakutsiko da. 200 obra (pintura, eskultura, argazkigintza, bideoartea, paperaren gaineko obra) baino gehiagoko hautaketa zabala da, hainbat belaunalditako artisten lanak biltzen dituena, eta aukera emango du, batetik, ezagutzeko artea modernizatzeko zein modu egon ziren azken mende aldaketan inguru berezi honetan, eta, bestetik, baloratzeko hemen hasi diren ibilbide pertsonal zein kolektiboek zer garrantzi izan duten Estatu mailan eta nazioartean. Erakusketak museoaren eraikin modernoko erakusketa-gune osoa hartuko du. 1970ean inauguratu zen gune hori, eta garai hartan arteak erakundeetan izan zuen ibilbidearen osagai garrantzitsua da. Miriam Alzuri, Begoña González eta Miguel Zugaza museoko kideen komisariotzapean egindako erakusketaz gainera, adituen testuekin osatutako katalogo bat egingo da. Katalogoko testu horiek informazio berria eskainiko dute Euskadin 1968tik gaur egunera arte izan diren adierazpen artistikoen azterketarako.