Berriak
10-09-15
2016ko Aurrerapena
1937. Guernikari buruz. Gerra eta civitas
33. aretoa, 16/09/30–17/01/09
Bake akordioa proiektuak barne hartzen ditu artearen historian, kulturan eta eskubideetan bakea errepresentatzeko izan diren moduei buruzko erakusketak, ekoizpen artistiko garaikideak, argitalpenak, mintegiak eta hitzaldiak. Donostiako San Telmo Museoak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak elkarrekin antolatutako 1516-2016. Bake Akordioak erakusketa nagusiaz gain, gertakizun historikoei buruzko beste zazpi “ikerlan” hartzen ditu. Besteak beste, Picassoren Guernica koadroari buruzko erakusketa nabarmentzen da. Bilboko Arte Ederren Museoak antolatu du, eta Valentín Roma historialaria da komisarioa.
Erakusketak hiru atal ditu: Picasso eta Guernica; 1937ko Espainiako pabiloia eta koadroak garaiko artistengan izandako eragina. Lehenengoak Guernicaren sortze-prozesua jasotzen du: Picassoren hasierako irudi eta olioetatik hasi, eta pintorearen bilakaera dokumentatzeko asmoz Dora Maarrek Parisko estudioan egindako argazkietaraino. Bigarrenak koadroa ikusgai jarri zen testuingurua birsortzen du: Espainiako pabiloiaren arkitektura, horrekin batera ikusgai jarritako zenbait obra eta 1937ko Nazioarteko Erakusketan Espainiak izandako parte-hartzeari buruzko orduko materiala. Azkenak Guernicaren eraginpean sortutako nazioarteko artisten obrak biltzen ditu, artelanaren omenaldi edo elkarrizketa gisa edo mihiseak Europako eta Ameriketako hainbat hiritatik egindako hiru biren ondorio gisa; izan ere, Espainiako Errefuxiatuen Laguntza Batzorderako funtsak biltzeko antolatu ziren bira horiek. Gertakizun horiek zenbait ondorio ekarri zituzten: Picasso MoMAn, modernitatearen museo handian, aintzatestea; Guernicari omenaldia egiteko obra-multzoa, eta, azkenik, mural ospetsuaren erabilera politiko eta zibilari buruzko paradoxa, gerrako basakeria islatzen badu ere, bakearen ikur bihurtu baitzen.