Berriak
16-10-19
1919ko Nazioarteko Erakusketaren mendeurrena
Museoak, Metro Bilbaoren babesari esker, Buletinaren zenbaki monografiko bat eta Bilbao 1919 erakusketari buruzko azterketa-jardunaldi bat aurkeztu ditu
Euskal Artisten Elkarteak modernitatea zuen amets, joan den mendearen lehenengo lau hamarkadetan garatu zuen bere jarduera eta aipagarrienetakoa 1919ko abuztuaren 30etik irailaren 15era Berastegiko Eskoletan (gaur egun Bilboko Justizia Jauregia dagoen orubean) egin zen Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa izan zen. Erakusketa garai hartako Bilboko testuinguru artistikoarentzat garrantzitsua izan zen, baita Arte Ederren Museoaren etorkizun bildumagilearentzat ere, eta haren mendeurrena da aurten.
Garai hartako Bizkaiko Diputazio Probintzialak antolatu zuen eta batzordearen burua Ramón de la Sota zen, beste artista, arkitekto, bildumagile eta aditu batzuk ere bazeuden arren, esate baterako, Ricardo Gutiérrez Abascal Juan de la Encina eragin handiko bilbotar arte-kritikaria esaterako. Erakusketa hura erabakigarria izan zen hiriaren etorkizun artistikoarentzat, artista gazteen prestakuntzari bultzada handia eman baitzion nazioarteko punta-puntako sortzaileen Picasso, Cézanne, Gauguin, Van Gogh, Maurice Denis edo Mary Cassatt obrak bildu zirelako Erakusketan, atzerapenarekin egin arren.
Euskal Herriko, Madrileko, Kataluniako eta Frantziako ehun eta hogeita hemeretzi artistaren laurehun obra baino gehiago bildu ziren. Partaideetako batzuk euskal artean ongi finkatutako izenak ziren, hala nola Iturrino, Losada, Arteta, Guezala, Larroque, Maeztu, Tellaeche, Zubiaurre anaiak edo Quintín de Torre; modernismoaren edo noucentismoaren orbitan lanean aritzen ziren kataluniarrak (Rusiñol, Canals, Casas, Nonell, Pichot, Casanovas, Borrell Nicolau, Julio Antonio); Espainiako arte ofizialaren munduan prestigioa zutenak (Aureliano de Beruete, Manuel Benedito edo José Rodríguez Acosta); Gutiérrez Solana edo García Maroto bezalako independenteak, eta urte haietako lengoaia artistikoen nazioarteko berrikuntzan sartuta zeuden sortzaileak, esaterako, Picasso edo Pablo Gargallo eskultorea.
Bestalde, atzerriko artistei eskainitako aretoetan XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako Frantziako artisten ordezkaritza bikaina egon zen: inpresionismoaren inguruan zebiltzan margolariak, esaterako, Monet, Pissarro, Sisley, Forain, Mary Cassatt edo Eugène Boudin aitzindaria; Courbeten errealismotik gertu zeuden artistak (Erakusketan izan zen obra batekin), hala nola Cottet; sinbolistak (Redon); neoinpresionistak (Seurat edo Signac); postinpresionistak (Cézanne, Van Gogh, Le Sidaner edo Gauguin haren hemeretzi obra ekarri ziren); nabisak (Maurice Denis, Vuillard, Valloton) eta fauvistak (Matisse, Van Dongen, Girieud, Manguin, Marquet, Jacqueline Marval). Garai hartan Parisko Salón d'Automne aretoak itzal handia zuen, eta litekeena da hura eredu gisa hartu izana, arte modernoaren garapenean nabarmentzen ziren artistak omentzeko ohitura baitzuen, eta horregatik eskaini izana Erakusketak areto monografikoak Juan de Echevarría, Ignacio Zuloaga, Darío de Regoyos eta Hermen Anglada Camarasa margolariei.
Ordura arte antolatu ziren lehiaketa artistiko handiekin alderatuz gero, bazen berrikuntza bat Bilboko Nazioarteko Pintura eta Eskulturako lehenengo Erakusketan; izan ere, ez zen dominarik eta saririk eman eta Diputazioak nahiago izan zuen Bilboko Arte Ederren Museorako obra batzuk erosteko erabili dirua. Epaimahai batek erabaki behar zuen zein obra hautatu, eta 1919ko abuztuaren 30ean erabaki zuen Erakusketan zeuden obretatik hogeita bi erosiko zirela kide hauez eratutako epaimahaiak: Santiago Rusiñol, Óscar Rochelt eta José Moreno Villa margolariak; Luis Bagaría ilustratzailea; Manuel B. Cossío arte-historialaria; Ricardo Gutiérrez Abascal arte-kritikaria; Manuel Mª Smith arkitektoa; Nemesio M. Sobrevila zinegilea; Juan Carlos de Gortázar musikologo eta kazetaria eta haren anaia Ricardo; Ramón Aras Jáuregui bildumagilea eta Gregorio de Ybarra.
Talde horrek sustatu zuen handik hiru urtera sortu zen Arte Modernoaren Museoa eta hor zeuden, besteak beste, Mary Cassatten Emakumea eserita haurra besoetan duela edo Paul Gauguinen Laveuses à Arles (Latsariak Arlesen), garai hartan, eta denbora luzez, margolari postinpresionista nabarmen hauen beste lanik ez zen egon gure herriko bilduma publiko batean. De la Sotak, gainera, Zuloagaren Mathieu de Noailles kondesaren erretratua erosi eta dohaintzan eman zuen, eta erakusketan parte hartu zuten beste obra batzuk ere bai, esaterako, Cézanneren bi litografia, gero bilduman sartu zirenak.
Urteurren hau dela eta, museoko alfabetoa berritu egingo da eta A aretoan aurkeztuko dira garai hartan Diputazioak erositako obrak, besteak beste, lehen aipatutako Cassatt eta Gauguinen obrak, Juan de Echevarría (2), Isidre Nonell, Paul Sérusier, José Gutiérrez Solana, Hermen Anglada Camarasa, Domingo Carles, Charles Cottet, Henri Le Sidaner eta Ricard Canalsen pinturak, Francisco Iturrino (4) edo Xavier Noguésen (4) akuaforteak eta Joan Borrell eta Julio Antonioren bi eskultura.
11. Buletina
1919ko Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketan erositako obra guztien erakusketa egingo dela-eta, Metro Bilbaoren babesarekin museoaren 11. buletin zientifikoa argitaratuko da; gertakizun artistiko horri eskainitako monografikoa izango da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historiako bi irakaslek, Ismael Manterolak eta Mikel Onandiak, koordinatu dute; monografiko honetan parte hartu dute, halaber, beste hauek ere: Joseba Agirreazkuenaga, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; María Dolores Jiménez-Blanco, Artearen Historiako irakasle titularra, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Artearen Historia Departamenduko zuzendaria; eta Andere Larrinaga, UPV/EHUko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea.
Argitalpena digitala da eta libre sartu eta deskargatu daiteke museoaren webgunetik; sakon aztertu ditu erakusketaren sorrera, garapena eta ondorioak, eta beste alderdi batzuk ere bai, esaterako, erakusketa ahalbidetu zuen testuinguru historikoa, soziopolitikoa eta kulturala, garai hartako Europako sistema artistikoa, bildumagintza eta Bilboko merkatu artistikoa XX. mende hasieran eta hiriaren garapen artistikorako eta museoaren garapenerako hain erabakigarria izan zen erakusketa hark sortutako kritika.
Lehenengo artikuluan, María Dolores Jiménez-Blancok Nazioarteko Erakusketaren trama artistikoa aztertu du lengoaia modernoak instituzionalizatzen ari ziren unean. Horren ondorioz, erakusketa ofizialak egin ziren eta arte garaikideko museoak sortu ere bai. Ondoren Joseba Agirreazkuenagak zehazten du 1910eko hamarkadaren bigarren erdiko Bilboren egoera politikoa eta kulturala. Jarraian, Mikel Onandiak bildumagintza, merkatu artistikoa eta Bilboko Arte Ederren eredu museistikoa aztertu du; horren ezaugarrietako bat da sorkuntza garaikideaz oso goiz interesatu zela eta tokiko artistekin harreman estua zuela. Bestalde, Ismael Manterolak Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketaren antolaketa, edukiak eta ondorioak aztertu ditu zehatz-mehatz eta Andere Larrinagak bilbotar guneko arte-kritikaren alorrean izandako ondorioak eta prentsan Erakusketari buruz argitaratutako adierazpen kritiko nagusiak aztertu ditu.
Amaitzeko, eta eranskin gisa, argitalpenen zerrenda bat eta Erakusketari buruz egindako arte-kritikako artikulu batzuk daude Andere Larrinagak aukeratuta eta 1919ko Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketaren jatorrizko katalogoaren erreprodukzioa.
Artikulu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz daude ikusgai, museoaren webgunetik doan deskargatzeko.
Babeslea:
Bilbao 1919 Jardunaldia
Jardunaldi monografikoan María Dolores Jiménez Blanco, María Jesús Pacho, Mikel Onandia, Ismael Manterola eta Andere Larrinaga artearen historialariek 1919ko erakusketaren balio artistikoa aztertuko dute, eta marko artistikoaz ere arituko dira, baita XX. mende hasierako euskal testuinguru artistikoan eta museoaren historia bildumagilean izandako eraginaz ere.
PROGRAMA
|
|
---|---|
9:00 |
Akreditazioa |
|
|
9:30 |
Aurkezpena |
|
|
10:00 |
Artea eta sistema artistikoa 1919 inguruan María Dolores Jiménez-Blanco Artearen Historiako irakasle titularra, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Artearen Historia Departamenduaren zuzendaria |
|
|
10:45 |
Arkitektura eta hirigintza María Jesús Pacho UPV/EHUko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea |
|
|
11:30 |
Atsedenaldia, kafea |
|
|
12:00 |
Areto pribatutik erakustaretora. Bildumagileak eta artearen merkatua 1919 inguruko Bilbon Mikel Onandia UPV/EHUko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea |
|
|
12:45 |
A aretora bisita | Atsedena |
|
|
15:30 |
Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa Ismael Manterola UPV/EHUko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea |
|
|
16:15 |
Erakusketa, artearen kritikatik Andere Larrinaga UPV/EHUko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea |
|
|
17:00 |
Itxiera |
|
LEKUA ETA ORDUA
Azaroak 14, osteguna, 09:00etatik 17:00etara. Atikoa
IZEN-EMATEA
Sarrera doan. Izen-ematea soilik online:
PLAZAK AGORTUTAK
Patrocina: